osasun krisiak sei hilabete

"Negua oso gogorra izango da tabernan, baina baikorra naiz udaberriari begira"

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 17a, 19:08
Arantxa Ibar, artxiboko argazkian.

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. KARKARAk elkarrizketa sorta bat ari da egiten, hainbat esparrutako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Gauez lan egitea galarazita dagoenez, Arantxa Ibar tabernaria bolada zaila ari da pasatzen, baina Errusta zabalik mantentzeko ahalegina egingo duela argi du.

Nola bizi izan zenuen udaberriko itxialdia?
Taberna itxi genuenean, beldur handia sentitu nuen. Ziurgabetasun ikaragarriak harrapatu ninduen. Ezin zen jakin zenbat denbora egon beharko genuen etxean, diru-laguntzarik izango zen...

Orokorrean, bikotekidea eta biok autonomoak izanik, beldur eta errespetu handia diogu koronabirusari, berrogeialdia egin beharko bagenu diru-sarrerarik gabe geratuko ginatekeelako.

Babesik sentitu al duzu erakundeen aldetik?
Orioko Udalak, adibidez, asko lagundu digu. Nire kasuan, Errustan bi mahai izaten genituen lehen kanpoan, eta udan zortzi edo bederatzi edukitzen laga digute. Eskertzen da.

Udaberriko talaiatik zuen itxura kaskarrari begiratuta, nola joan da uda?
Ondo ez. Bestela ere, uda garaian ez dugu jende asko izaten goiko tabernetan, normala den bezala, jendeak gehiago jotzen duelako hondartza aldera. Bada, aurten, ohi baino dezente gutxiago egin dugu lan; lehen behintzat, jendeak herrira jotzen zuen parranda egitera hondartzako txiringitoak itxitakoan, baina orain galarazita dago.

Ezin duzue lanik egin gaueko hamabietatik aurrera.
Hori da, eta, hala izanik, gure negozioak zentzua galtzen du. Errustan ez dugu sukalderik, eta lan gehiena poteo garaian eta gauean egiten dugu. Atera kontuak, beraz, orain nola gauden. Zorionez, poteoan jende pixka bat izaten denez, ordubetez edo egiten dugu lan txukun. Gainontzean, mugimendu gutxi izan da azken hilabeteotan.

Errusta zabalik mantentzeko asmoa al duzu?

Bai, ahalegina egingo dut. Lau urte badira taberna hartu nuenetik, eta zorteak laguntze badu, etorkizunean martxa ona izan dezakeela iruditzen zait. Plaza inguruan eta herri sarreran egin dituzten obrekin tabernen buelta txukun geratuko da, eta jendea ibiliko dela uste dut. Gainera, hotel berria ere ireki dute ondoan, eta hori ere lagungarri izango dugulakoan nago.

Negu hau pasa beharra daukagu; eutsi beharra dago nola edo hala, udaberri aldera gauzak zuzentzen hasiko diren esperantzarekin. Ea ditxosozko txertoa ere ateratzen duten lehenago edo beranduago.

Lan handia izaten al duzu bezeroei arauak betearazten?
Orokorrean jendeak gauzak ondo egin ditu, baina tarteka kokoteraino bukatu izan dut. Ertzaintzaren lanarekin ez nago oso konforme; tarteka guri tokatu izan zaigu polizia lanak egitea eta bezeroekin tira-biran aritzea, eta ez dut uste hala behar lukeenik.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!