1970eko arrauneko garaipenen sekretua

IƱaki Iturain 2020ko ira. 23a, 16:55

KARKARAren 420.zenbakian argitara emandako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Aurten 50 urte dira 1970etik, hainbat herritarren iritziz Oriok izan duen arraun-urte onenetik; eta zalantzarik gabe, onenetako batetik. Zortzikoak Oxford eta Cambridgeri irabazi zien Orioko nazioarteko estropadan. Bañolasen skiffean eta zortzikoan nagusitu ziren, Espainiako txapelketan. Traineruak jokatu zituen estropada guztiak irabazi zituen. Kontxako aurreneko jardunaldian 45 segundo kendu zizkion bigarren izandako Lasarteri, eta helmuga gaindituta ere arraunean segitu zuten gelditu gabe moilako arranparaino, ikusleak aho zabalik utziz, arraunlariek lehertuta bukatzen zuten garaian. Bigarren iganderako, Portaletako apustuetatik kendu zuten Orio, kolorerik ere ez zelako. Donostiako estropadako zortzi patroietatik lau oriotarrak izan ziren: Altxerri (Orio), Gorriya (Lasarte), Miralles (Zumaia) eta Bixentiko (Donostia). Kontxako estropadaren hurrengo igandean, Oriok, Lasartek, Zuberoak eta Donostiak Getariatik Donostiarainoko itsas zeharkaldia jokatu zuten. Ordura arte sekula ez bezala, ez ziren denak batera abiatu, Donostiako bi igandeetako bentaja emanda baizik. Orio azkena abiatu zen, Donostia 3´ 25´´, Zuberoa 2´ 10´´ eta Lasarte 1´ eta 35´´ lehenago aterata. Banan-banan, hirurak harrapatu eta pasatuta irabazi zuen lehia historiko hura. Eta 1970eko urte hartan hasita, sei urtean bost aldiz irabazi zuten Kontxako bandera.

Urte historiko hartan protagonista izandako batzuen abizena duten arraunlariak dabiltza aurtengo traineruan ere: Salsamendi, Lizarralde eta Campos. Jon Salsamendi, gizonezkoen oraingo entrenatzailea, urte hartan jaioa da, 1970ean. Jonen aita zena, Jose Antonio, klubaren zuzendaritzako kidea zen orduan. Jon jaio zen egunean bertan egin zuen seme jaio berria klubeko bazkide, elizan bataiatu baino lehenago. Garai hartako patroi Juan Lizarralderen bi iloba, Jon eta Mikel, eta Aritz biloba traineruko arraunlari dira, eta orduko presidente Antonio Camposen seme Andoni ere bai. Katea ez da eten.

1965ean sortutako arraun olinpikoko klubak ekarri zuen entrenamendurako diziplina eta teknika berriek eta negu osoko jardunak zeharo aldatu zuten traineruen ordura arteko egoera. Geroztik, talde guztiak abiatu ziren oriotarren ildotik. Oriotarren 1970eko erakustaldiak iraultza ekarri zuen euskal arraunketara.

Albert Mainellak 100 urte
Aurten Euskal Herrian bi artista handiren jaiotzaren urteurrenak ospatu ditugu. Ekainean 100 urte bete ziren Xalbador Urepelen sortu zela. Abuztuan 200 urte, Jose Mari Iparragirre Urretxun jaio zela. Orion ere badugu ospakizuna egiteko moduko gizon baten 100. urteurrena, Albert Mainellarena. Gaur egungo oriotar asko izango da gizon hori nor den ez dakiena; baina orain 50 urte, 1970 inguruan Orioko arraun klubean ibilitako arraunlari eta jarraitzaileek ez dute berehalakoan ahaztuko frantses hura.

Albert Mainella prestatzaile fisiko frantsesak oriotarren prestaketa fisikoaren iraultza ekarri zuen. Mainellak 100 urte bete ditu aurtengo martxoaren 11n, bizi bada. Baina nondik nora azaldu zen gizon handi hura Orion? Arraun Olinpikoko Klubaren sorreran parte-hartze zuzena izan zuen Emilio Olazabal zarauztar oriozale amorratuak ekarri zuen. Olazabaltarrek burdindegi-denda zuten Zarautzen. Han egiten zuen lan Emiliok. Lanetik kanpo, kirola zuen afiziorik handiena, eta zenbait kirolen antolaketa-lanetan ekarpen handiak egin zituen. Olazabalek esaten zuen oriotarrek aparteko grina eta sena zutela lehiarako. Emiliori aitarengandik zetorkion oriotarren aldeko zaletasuna, haientzako nolabaiteko miresmena.

Albert Mainellak eliteko atletak entrenatzen zituen Parisen. Oporretan Zarautza etortzen zen. Olazabalen bidez, 1966an Mainella Jose Migel Maiz korrikalari aiarra entrenatzen hasi zen. Parisa eraman zuen; Maizek hilabete pasatu zuen han, proba klinikoak egin eta hango onenekin entrenatzen. Maiz da Lasarteko nazioarteko krosa irabazi duen korrikalari euskaldun bakarra. Jose Migelen hitzak: “Mainellak esan zidan: hi gauza haiz Lasarten irabazteko, eta sinestu egin nion, konbentzitu egin ninduen. Oso gizon jakintsua zen, asko zekien nola entrenatu”. Aiarra 1967an bigarren geratu zen Lasarten, eta 1968an irabazi, Mariano Haroren eta Mexikoko olinpiadan urrezko domina irabazitako bi korrikalariren aurretik: Gammoudi tuneziarra (5.000 metrotan) eta Mamo Wolde etiopiarra (maratoian).

Olazabalek ekarri zuen Oriora
Aiarrak frantsesak entrenatuta izandako arrakastaren ondorioz, Olazabalek Orioko klubera ekarri zuen Mainella. Aurrena, Toki Alai hotelean hartu zuen ostatu; gero, Antonio Campos orduko presidenteak etxean hartu zuen. Eta Mainella Orioko arraunlariekin hasi zen lanean. Orduan aldatu ziren Orion elikatzeko, zaintzeko eta entrenatzeko moduak eta ohiturak. Orduan hasi ziren arraunlariak lehorrean ere serio entrenatzen, atletak bezala, moilan hesiak jarri eta haien gainetik salto eginez korrika ibiltzen, pesak altxatzen… Prestatzailearen berrikuntzak herritarren artean zabaltzeko, aldizkari bat plazaratu zuen klubak, erdaraz. Herriko Cine Leundan herritarrentzako hitzaldi irekia eman zuen. Orduan entzun genituen Orion lehenengo aldiz ariketa aerobiko eta anaerobiko hitzak. Arraunlariak Parisera eraman zituen mediku-kontrola pasatzera. Bordele, Paris, Vichy, Macon…, Mainellarekin Frantziako leku askotara joan ziren arraunean lehiatzera.

Arraun klubak 1973an plazaratu zuen aldizkaria jo daiteke Orioko aurrenekotzat. Hori ere sekulako aurrerapena izan zen orduan, herriaren historiaren joanean. Honela zioen aldizkari haren editorialak (euskaratuta): “Arropa apalez jantzita, baina ilusio handiz plazaratzen naiz lehenengo aldiz. Kluba osatzen dugunok batzeko asmoa dut, horixe da nire helburua. Ez dakit zenbat aldiz plazaratuko naizen. Hau lehen pausoa da”. Horretan geratu zen, ale hark egindako ahaleginean. Ez zuen lan erraza hartu aldizkaria idatzi eta argitaratu zuen lantaldeak. Haren atzean Albert Mainellaren itzala sumatzen da, garbi-barbi.

Zortzi orrialdetan gai askoren berri eman zuten: klubaren presidente Antonio Camposen eta Maribi Moreyren ezkontza; Orio 1972ko arraun klub onena izendatu zutela; presidenteak klubaren helburuez, ibilbideaz eta zailtasunez idatzitako artikulua; Mainellaren gogoeta kirolak eta entrenamenduak pertsonari dakarkion osasunaz eta bestelako onurez; lau arraunlarik 1972an Mequinenzan izandako auto-istripu larria; nazioarteko V. estropadak… Klubaren bazkideentzako bidaia antolatzeko ideia ere bazekarren, arraunlariekin batera estropadaren batera joateko; Frantzia, Holanda eta Suiza aipatzen ziren

Plazaratutako aldizkariaren zenbaki bakar hartan, orduko zenbait arraunlariren aipamena agertzen zen: Lekuona, Perona, Itxaspe, Agote, Lanberri, Aranburu; eta bereziki gogoratzen zituen aurreko urteko istripuan larri zauritutako Jose Ramon Altxerri eta Luciano Manterola. Ale hura ondo gordea du Iñaki Arrillagak; paperean jartzen zuenez, orduan bere bizar luzearekin Che Guevara ematen zuen arraunlari gazteak.

Behin, Juan Luis Amilibia arraunontzigileak bidaia mamitsua egin zuen Albertekin Europan zehar. Biak batera Parisa joan ziren, handik Alemaniara Juan Luisen arreba Gema bisitatzera, gero Suitzara, han Stanflish markako skiff bat eskuratu zuten. Enbarkazioa automobilaren gainean jarrita, Bañolasera jo zuten zuzenean, bertan zeuden ordurako kontzentratuta Orioko arraunlariak. Skiffa Jose Luis Kortari eman, eta hark ontzian entrenamendu bat eginda, Espainiako txapelketa irabazi zuen.

Mainellak beste mundu bat zabaldu zien Orioko arraunlariei. Gizon hura izan zen Orioko arraunaren urte haietako arrakastaren sekretua. Eta hori dena modu amateurrean egin zuen. Urte batzuk pasatu ondoren, 1976an alde egin zuen Oriotik, beste bide bat hartuta. Orioko arraunaren giroak eta mailak izugarri galdu zuen entrenatzaile paristarrak herritik alde egin zuenean. Mainella, geroztik, Tunez, Txile eta Venezuelan ibili zen; berak egindako curriculumean jarri zuenaren arabera (Amilibiak helarazia). Azken urteak Portugalen eta Kanarietan eman ditu Denis bikotekidearekin batera.

Gizonkote hura pertsona maitatua izan zen Orioko arraun giroan. Ezagutu zutenek gizon jatortzat daukate. Joan eta gero ere, bisita bat edo beste egin zuen gure herrira. Patxi Sarasuari tarteka eskutitza idazten zion. Azkena 2008ko martxoaren 14an datatua da. Gutunarekin batera, berak margotutako koadro baten argazkia bidali zion, Orioko herriaren koadro bat. Mainellak zioen, orduan 88 urteko gizona, pintatuak zituela hamabi koadro eta haiek saltzeko gogoa zuela, horretarako erakusketa egin nahi zuela, eta apirilean bisitan etorriko zela. Itxura batean bizi-bizirik zegoen, ilusioz gainezka. Baina ez zen etorri. Geroztik Orion inork ez du haren berri zehatzik izan. 2013an, Arraunetxe inauguratzeko ospakizunera gonbidatu nahi izan zuen klubak, eta haren arrastoa egin nahian ibili ziren, batean eta bestean, baina ez zuten lortu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!