Manez eta Kobreak taldea Arraunetxen ariko da urriaren 2an

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 23a, 09:51
(zkrax.wordpress.com)

"Musika tradizionala eta gaur egungo soinuak" ekarriko ditu Arraunetxera Manez eta Kobreak taldeak. 80 gonbita izango dira guztira, eta eskuragai daude jada.

Urriaren 2an, ostirala, kontzertua izango da Orioko Arraunetxeko aretoan: Manez eta Kobreak musika-taldeko kideak ariko dira, 19:00etan hasita. Izatez, abuztuan eta plazan zen egitekoa emanaldi hau, baina eguraldi txarra zela eta, atzeratu egin behar izan zuten. Hortaz, urriaren hasieran izango da taldeaz gozatzeko aukera.

Sarrera doakoa izango bada ere, interesdunek gonbita txartela jaso beharko dute aurretik. 80 gonbita banatuko dituzte guztira, eta eskuragai daude jada, Orioko kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera hartu ahal izango ditu gehienez.

"Musika tradizionala eta gaur egungo soinuak" uztartzen ditu Manez eta Kobreak taldeak, udalaren esanetan. "Iparraldeko tradizioari segituz, garrantzi handia ematen diote ahotsari beren kantetan", gaineratu du. Thierry Bizkari artista baxenabartarrak (Kalakan taldeko kide zena), Ana Telletxeak, Fermin Garaikoetxeak, Vianney Desplantesek, Bixente Etxegaraik, Laura Etxegoienek eta Mixel Ducauk osatzen dute taldea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!