Orion gertatutako giza eskubideen urraketak aztertuko ditu Aranzadik

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 23a, 18:39

Gaur arratsaldean aurkeztu dute udal taldeetako ordezkariek, Herritarren Foroko eta Aranzadiko kideekin batera, egunotan abiatuko duten ikerketa. Herrian 1936tik gaurdaino izandako GGEEen urraketak aztertuko dituzte, herritarren testigantzetan oinarrituz. Horiek biltzeko, besteak beste, Memoria bulegoa zabalduko dute kultur etxean lau egunez. 

Aranzadi elkarteak ikerketa zientifikoa hasiko du Orion, Orioko Udaleko alderdi guztien eta Herritarren Foroaren babesarekin, herrian jazotako giza eskubideen urraketak aztertzeko xedearekin. Azken laurogei urtetan gertatutako sufrimendua aztertuko dute, bi planotan: oroimen historikoa eta gertuko planoa. Hala, diktadura garaian, trantsizioan eta demokrazian izandako alde guztietako biktimen testigantzak bilduko dituzte, justiziaren eta erreparazioaren alde lan egiteko.

18:00etan hasi den aurkezpenean, ikerketak babes sozial zabala duela argi utzi dute hitza hartu dutenek; Anuska Esnal Orioko alkateak, Jokin Uranga Herritarren Foroko Kideak eta Javier Buces Aranzadiko ikerlariak, hain zuzen ere. Adierazi dutenez, ikerketa mugarria izango da bizikidetza lortzeko bidean.

Gaiari lotutako ekimenak

Ikerketaz gain, beste hainbat egitasmo ere izango dira gaiaren inguruan:

. 'Errepresioa genero ikuspegitik` hitzaldia, Lourdes Herrastiren eskutik. Irailak 30ean, kultur etxean.

. 'Biktimen politikak: azterketa kritikoa' hitzaldia, Jon Mirena Landaren eskutik. Urriaren 7an, kultur etxean.

. Memoriaren bulegoa. Urriko azken bi asteazkenetan eta azaroko aurreneko bietan egongo da zabalik kultur etxean, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

KARKARAk bihar emango du ikerketaren eta aurkezpenaren berri era zabalagoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!