Orion bi koronabirus kasu atzeman dituzte azken orduetan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 25a, 13:29

Kasu positiboak erdira jaitsi dira herenegundik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin dute kasuek.

Hamazortzi kasu detektatu ditu guztira Osakidetzak Urola Kostan; herenegun egindako probetan, aldiz, 35 pertsonak eman zuten positibo. Zarautzen zenbatu ditu kasu gehien, sei; Azpeitian, berriz, bost kasu atzeman ditu Osasun Sailak, lau Azkoitian, bi Orion eta bat Zestoan. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk zenbatu.

Atzo, osteguna, 9.118 PCR proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osasun Sailaren arabera, eta horietatik, 383 (%4,2) izan ziren positiboak. Herenegundik behera egin dute kasuek, 135 gutxiago zenbatu baitituzte. Lurraldeen arabera, 159 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 141 en Gipuzkoan eta 70 Araban. Horiez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamahiru pertsonak ere positibo eman zuten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, bestalde, 268 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, Osasun Sailaren arabera “COVID-19aren ondorioz”. Atzo, beste 28 pertsona ospitaleratu zituzten, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 46 pertsona daude. Birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, azkenik, behera egin du herenegungo datuekin alderatuta, 0,92an kokatu baitzen atzoko proben ondoren.

Nafarroako Gobernuak ez du atzoko txostena kaleratu. Argitaratu bezain laster gehituko ditu Urola Kostako Hitzak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!