Plaza inguruko zorua jartzeko lanak hasi dira gaur

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 28a, 15:43
(Orioko Udala)

Granitozkoa izango da zoladura berria, eta aurreikuspenen arabera, abenduan amaituko dituzte lanak.

Zenbait atzerapenen ostean, gaur ekin diete Orioko plaza inguruan zoru berria jartzeko lanei. Aritzaga-Endaia-plaza inguruan egingo dute obra, eta udalaren arabera, Altuna y Uria enpresak aurreikusi du "bi hilabete pasatxo" beharko direla lan guztia amaitzeko.

Plazako obrak "nahi baino gehiago luzatu" direla dio udalak, "batez ere, zoladura jartzea". Izan ere, aldaketak izan dira proiektuan. "Proiektuan aurreikusitako zoladura basaltozkoa zen eta berandu iritsi zen, COVID-19ak sortutako hornidura-arazoengatik. Basaltozko zoladura hura jartzen hasi zirenean, udala konturatu zen ez zela hasieran enkargatutako material bera eta, gainera, akastuna zela eta mikrofisurak zituela", azaldu du udalak. Hortaz, zoru hura "atzera botatzeko" erabakia hartu zuen.

Granitozko zoladura mota berri bat jo zuten egokitzat uztailean, eta aurreko astean iritsi zen materiala Oriora. Langileak hasi dira jada lur berria jartzen, eta esan bezala, abendurako lanak amaituta egon daitezkeela adierazi dute. Aurrerantzean, obra inguruan hesiak eta itxiturak jarriko dituztela ere ohartarazi du udalak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!