Txapelketez beteta dator urria Orioko arraunlarientzat

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 2a, 08:48

Datozen hiru asteburuetan hitzordu garrantzitsuak izango dituzte oriotarrek.

Traineru denboraldia bukatu bada ere, arraunaren soka ez da eten Orion, eta Orio Arraunketa Elkarteak txapelketaz txapelketa jarraitzen du. Hala, datozen hiru asteburuetan hitzordu garrantzitsuak izango dituzte oriotarrek.

Alde batetik, asteburu hobetan, Galiziako Pontevedra hirian Espainiako Batel Txapelketa jokatuko da, eta Orioko arraun elkarteak hiru ontzi izango ditu lehian: infantil neskak, kadete mutilak eta absolutu mailako mutilak. Ontzi horiek Legutioko Euskadiko Txapelketetan lortu zuten txartela Moañako uretan Espainiako txapelketa jokatzeko.

Bestetik, urriaren 10-11ko asteburuan, kadete eta jubenil mailako arraunlariak Andaluziara joango dira, Sevilla Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketa jokatzeko. Herriko 7-8 ontzi inguruk parte hartuko dute bertan: bi ontzi kadete mailakoak, nesken eta mutilen zortzikoak, eta beste 5-6 ontzi jubenil mailako neska-mutilekin osatuak.

Azkenik, urriaren 17an eta 18an Legutioko urtegian Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketa jokatuko dute, absolutu eta beterano mailan. Txapelketa horretan parte hartuko du Orioko absolutu mailako gizonezkoen zortzikoak. "Traineru denboraldia bukatu berria da, ez dute denbora asko izan txapelketa prestatzeko, baina ahalegin handia eta serioa egiten ari dira emaitza ona lortzeko asmoz", adierazi dute arraun elkarteko arduradunek. Izan ere, aurkari izango dituzte, seguruenik, Labradores-Sevilla, CN Sevilla, Miño, CN Banyoles,  CN.Amposta, Zierbena eta beste hainbat talde.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!