Oriotarren memoria kolektiboa osatuz

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 13a, 16:00

Herri baten etorkizuna eraikitzeko garrantzitsua da iragana kontuan hartzea, ondo egindakoak bide-orri izanda, gaizki egindakoak ezagutu eta errepikatu ez daitezen. Hala, Orioko memoria historikoa eta gertuko memoria ikertzeko proiektua abiatu berri dute Orioko Udaleko, alderdi politikoetako eta gizarte zibileko hainbat kidek, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean urratsak emateko asmoz.

Orioko Udalak hitzarmena sinatu du Aranzadirekin, eta laster ekingo diote herriko memoria historikoa eta gertuko memoria ikertzeko lanari. Orioko alkate Anuska Esnalen esanetan, ekimenaren helburua da “Orion bizi izandako indarkeriak jasotzea, gordetzea, protagonisten bizipenen testigantza biltzea eta ziurtatzea hau guztia ez dela ahaztuko. Gainera, belaunaldi berrientzat ere ezinbestekoa da herrian bizi izandakoaren berri izatea, eta horretarako ikerketa zientifikoa egitea oso garrantzitsua da”, adierazi du Esnalek.

Ikerketa ez da, ordea, indarkeria desberdinen gainean herrian egin den lehen lanketa. 2012an ekin zion Orioko Udalak bizikidetza eta giza eskubideen urraketen arloan hausnartzeari, eta ordutik bide luzea egin du. Lehenik eta behin, indarkeria politikoak eragindako sufrimenduaren inguruan sakontzeko konpromisoa hartu zuten udal ordezkariek, eta, agintaldiz agintaldi, gaia lantzen aritu dira alderdi guztien adostasunarekin.

2015ean, bestalde, sentsibilitate desberdinez osatutako herritar talde bati gonbita luzatu zion udalak, euren bizipenetatik abiatuta, indarkeria politikoak euren bizitzan izandako eragina beste oriotarrekin partekatu zezaten. Horrela sortu zen Herritarren Foroa, eta gaur egun oraindik bere ibilbidea egiten jarraitzen du, Bakeolak gidatuta. Hainbat oriotarrek parte hartu dute talde horretan urte hauetan guztietan, eta egun sei lagunek osatzen dute.

Orain arte, mahai politikoak eta Herritarren Foroak bakoitzak bere bidea egin badute ere, pasa den ikasturtean, ondorio berera iritsi ziren:  garrantzitsua zela mapa bat egitea motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz egondako sufrimenduen inguruan. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatu diote ikerketa egiteko, 1936tik egun arte izandako giza eskubideen urraketak azter ditzan.

Herritarren Foroa

Orioko Herritarren Foroak urteak daramatza aztertzen indarkeria politikoak herritarren bizitzetan izan duen eragina. “Ezberdinen arteko bizipenak partekatu ditugu orain arte, eta egoera ezberdinez jabetzeko aukera izan dugu”. Hilean behin biltzen dira, eta Bakeola elkarteko teknikariek proposatutako gaiak izaten dituzten hizpide; “saio atseginak izaten dira, eta ez dago ezer prestatuta eraman beharrik, geuk dakigunetik eta sentitu dugunetik jarduten baikara”, azaldu du taldeko kide Iñaki Iturainek.

Koro Sarasolaren iritziz, berriz, Herritarren Foroak irekita dauden zauriak sendatzeko eta elkarbizitza sustatzeko aukera eman dezake, “bakoitzak bere esperientziak kontatuta errazagoa delako elkar ulertzea, sufrimendu ezberdinez jabetzea eta elkarren mina ezagutzea”. Gainera, uste du besteen kontakizuna entzuteak enpatia sentitzeko aukera ematen duela. Horretarako, ordea, taldea zabalagoa izatea nahi luke Herritarren Foroak. Izan ere, ekimenaren hastapenetan, ideologia desberdinetako kideak bildu baziren ere, aniztasun hori pixkanaka galtzen joan dela aitortu dute. “Gaur egun taldea osatzen dugun guztiok abertzaleak sentitzen gara, eta nahi genuke sentsibilitate desberdinetako herritarrek ere parte hartzea foroan, aberasgarria delako besteen iritziak entzutea. Beraz, taldean parte hartzeko deitzen ditugu gaiarekin interesa duten herritarrak”, egin du gonbita Jokin Urangak.

Talde gisa egin duten lanketaz gain, Herritarren Foroko kideei garrantzitsua iruditzen zaie urratsa aurrera egin eta oriotarrek bizitakoa ezagutzeko ikerketa sakonagoa egitea, herrian zer gertatu den jakin dadin. ”Izan ere, guk bizi izan dugunaz jabetzen gara, baina gure ondorengoek ere gertatutakoaren berri izatea garrantzitsua eta beharrezkoa ikusten dugu”, azaldu dute foroko kideek. Horretarako, gertatutakoa jasota geratzearen inportantzia azpimarratu du Iturainek, eta ikerketa ondo egiteko herriz herri egitea ezinbestekoa dela iritzi dio. “Gure bizipenak elkarri adierazten eta enpatia giroa sortzen aritu gara, baina uste dugu iritsi dela unea gure herriak bizi izan duen indarkeria-giro horren zergatiak eta xehetasunak ikertzeko eta jasotzeko”.

Bi ikerketak batera egingo dituen “udal bakarra”

“Uste dugu administrazioari dagokiola egia, justizia eta erreparazioa lortzea, eta egia jakitea da horretarako lehen urratsa. Ikerketarekin lortuko dugu, hain zuzen ere, gure herrian egon den sufrimenduaren mapa osatzea”, adierazi du Orioko alkateak.

Normalean bi garai aztertu ohi dira herri baten oroimena ikertzerakoan: memoria historikoa, eta gertuko memoria. Esnalek esan duenez, hasieran eztabaidak izan zituzten udalean ez zekitelako zer garairi eman lehentasuna. “Batzuek uste genuen onena gertuko memoriatik hastea zela, gaur egungo gizarteari zuzenen eragiten dion epemuga delako; beste batzuek, aldiz, egokiagoa ikusten zuten lehenengo memoria historikoa lantzea. Azkenean, Orioko Udalbatzako kideok aho batez erabaki dugu bi garaiak aztertzea agintaldi honetan. Uste dut txalotzekoa dela erabakia, udal bakarra garelako bi ikerketak batera egingo dituena”, zehaztu du.

Hala, Orion gertatuko giza eskubideen urraketen gaineko ikerlana azken 80 urteetan irekitako zauriak ixteko lehen urratsa izango dela uste du Esnalek, baina argi du ez dela sendagarri absolutua. “Zauriak ixteko denbora eta lan pertsonal handia behar dira. Egia jakitea da lehenengo pausoa, eta herriko min guztiak mahai gainean jarriz, herriko biktima guztiak errekonozituko ditu ikerketak, hau da, atea irekiko digu behar duen erreparaziorako bidea abiatzeko”.

Herritarrei parte hartzeko eskaera

Esan bezala, ikerketak bi garai bilduko ditu: alde batetik, oroimen historikoa, 1936ko gerratik 1959 urtera bitartean gertatutakoa, eta atal horretan gerraren eta frankismoaren lehen bi hamarkadetako biktimak izango dituzte aztergai; bestetik, gertuko oroimena, 1960tik gaur egun artekoa. Hala, hiru garai politiko ikertuko ditu Aranzadik Orion: diktadura, trantsizioa eta demokrazia.

Ikerketa zientifikoa egiteko bi metodologia landuko dituzte. Alde batetik, hainbat artxibo aztertuko ditu Aranzadik: tokikoak, probintzialak, estatalak, eta militarrak, besteak beste. Bestetik, herritarren testigantzak, argazkiak eta oroitzapenak ere jasoko dituzte. “Beharrezkoa da herritarrek parte hartzea, eta edozer informazio izango da ongi-etorria, askotan xehetasun txikiek nondik tira erakutsi dezaketelako. Izan ere, herritarren ahotsa jaso gabe ikerketa hau egitea ez da posible izango. Horregatik, herritarrei eskatu nahi diet ekimenean parte hartzeko”, dei egin du Anuska Esnal Orioko alkateak.

Oroimenaren bulegoa

Aranzadik hainbat bide martxan jarriko ditu herritarrak eurekin harremanetan jar daitezen. Batetik, Oroimenaren Bulegoa zabalduko dute, eta herritarrek bertara jo ahalko dute ekimenaren gaineko informazioa emateko edo jasotzeko. Horrez gain, telefonoz edo idatziz ere kontaktatu ahal izango dute oriotarrek adituekin: 943-46 61 42 telefono zenbakira deituta edo memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita.

Informazio hau kuadro batean jarri:

Oroimenaren Bulegoa Kultur Etxean irekiko dute, eta zabalik izango da urriaren 21ean eta 28an, eta azaroaren 4an eta 11n, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.Horrez gain, telefonoz edo e-postaz ere kontaktatu ahal izango dute oriotarrek Memoriaren Bulegoarekin: 943-46 61 42 telefono zenbakira deituta edo memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita.

Jabi Buces Aranzadiko kidearen esanetan, garrantzitsuena da oriotarrek ikerketan parte hartzea, eta, horretarako, parte hartzaile bakoitzaren egoerara moldatuko direla nabarmendu du. “Nahi dugu jendea eroso eta gustura sentitzea. Batzuek nahi izango dute Oroimenaren Bulegoan bertan bildu, beste batzuek nahiago izango dute Aranzadiren egoitzara etorri; izango dira beren etxean hitz egin nahi duten herritarrak ere, hainbat arrazoirengatik”.

Ikerlariek ondo dakite memoria historikoa eta gertuko memoria ikertzeak badituztela elkarren artean hainbat desberdintasun. Memoria historikoa ikertzeko, esaterako, badituzte hainbat oztopo, biktima gehienak hilik daudelako. “Horregatik, normalean pertsona horien familiartekoak etortzen dira guregana; etxean eduki dezaketen dokumentazioa eta argazkiak ekartzen dizkigute, eta beren oroitzapenak edo etxean entzundakoa kontatzen dizkigute. Zenbait kasutan, biktima bizi bada edo seme-alabek gauza asko gogoratzen badituzte, proposatzen diegu bere esanak bideoz grabatzea”. Dena dela, antropologoak argi utzi du grabazio horiek ez direla lehen hitzorduetan egiten: “Lehenik eta behin, bulegora etortzen diren herritarrekin lasai hitz egiten dugu, eta beharrezkoa ikusten badugu, eta beraiek ere ados badaude, grabazioa egiteko geratzen gara. Ez dira, ordea, galdera zailak izaten, gure helburua herritarrek lasai hitz egitea baita”, zehaztu du.

Gertuko oroimena, berriz, gai sentikorragoa dela uste du Bucesek. “Normalean, biktimak bizi dira oraindik, eta testigantza emateko haibat aukera eskaintzen ditugu. Batzuk kameraren aurrean jartzeko prest azaltzen dira; beste batzuek, berriz, nahiago dute gertatutakoa idatziz pasa”. Horrez gain, herritarren konfidentzialtasuna errespetatzea ere inportantea dela argitu du Aranzadiko kideak. “Badakigu, batez ere gertuko oroimena ikertzerakoan, gertakari eta sufrimendu asko berriak direla, eta, horregatik, eskatzen duenaren anonimotasuna errespetatuko dugu. Hala ere, guztiak animatu nahi ditut parte hartzera, orain garrantzitsuena informazioa eta testigantzak biltzea delako, berandu baino lehen. Orain jasotzen ez dena ez da etorkizunean existituko eta. Gerran gertatutakoarekin esperientzia dugu, testigantza eman dezaketen pertsona asko hil direlako dagoeneko”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!