Jon Ubegunek eta Ibai Esoainek 2021eko martxoan jokatuko dute Euskal Herriko Mus Txapelketako finala

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 13a, 17:22

Urtebete atzeratu dute Euskal Herriko Mus Txapelketako finala. Ibai Esoain eta Jon Ubegun izan ziren Gipuzkoako txapeldunak, eta beraz, Euskal Herriko txapela irabazteko lehian izango dira 2021eko martxoan. Beste sei probintzietako garaileak izango dituzte aurkari.

Aurtengo martxoan egitekoa zen XII. Euskal Herriko Mus Txapelketako finala, Zigoitian. Pandemia zela eta, ordea, bertan behera geratu zen sariketa. Gaur jakinarazi dutenez, finala urtebete atzeratzea erabaki dute: 2021eko martxoan jokatuko da.

Bertan izango dira Jon Ubegun eta Ibai Esoain oriotarrak, txapeldunak izan baitziren Gipuzkoa mailako norgehiagokan. Hala, sei bikoteren aurka ariko dira finalean; hain zuzen, Euskal Herriko gainontzeko sei probintzietako irabazleen kontra. Ondorengoak izango dira Gipuzkoako txapeldunen aurkariak: Jose Aranegi- Jesus Ibañez (Araba), Jose L. Hernandez-Arkaitz Larrazabal (Bizkaia), Juan Agirre-Gregorio Alvarez (Nafarroa Garaia), Mallet Bruno-Oyhagaray Pascal (Lapurdi) Xabi Larre-Iñaki Larre (Behe Nafarroa) eta Dufau-Capitain (Zuberoa).

2020ko otsailaren 29an jokatu ziren zazpi probintzietako finalak, eta 450 bikote baino gehiagok jardun zuten Euskal Herriko finalerako txartela lortzeko lehian. Seguran izan zen Gipuzkoako finala, eta 118 muslari bikote aritu ziren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!