Asteburuan abiatuko dute denboraldia Orioko futbol talde nagusiek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 14a, 16:01

Mendibeltz zelaian belar artifiziala aldatzen ari direnez, Orioko futbol taldeek ezingo dituzte etxean partidak jokatu lanak amaitu bitartean.

COVID-19 izurriteak eragin zuzena izan du futbol taldeen egutegian, eta asteburuan emango diote hasiera denboraldiari talde nagusiek. Hala, Orioko preferente mailako neskek eta mutilek larunbatean izango dute hitzordua: gizonezkoek Urnietan jokatuko dute partida, 16:00etan, eta neskek, berriz, Mutrikun izango dute zita, 16:30etik aurrera. Ohorezko jubenil mailako mutilen taldeak, bestalde, Andoainen jokatuko du norgehiagoka, 18:30ean hasita.

Hasiera gorabeheratsua izango da aurtengoa Orioko Futbol Taldearentzat, Mendibeltz zelaiko belar artifiziala aldatzen ari direnez, ezin dutelako bertan jokatu. "Hasiera batean, aurreikusi zen urriaren erdialderako prest izango zela zelaia, baina eguraldiaren baldintzek zaildu egin dituzte lanak, eta oraindik zati handi bat osatu gabe dago", azaldu du Maria Eugenia Atxega futbol taldeko zuzendaritzako kideak. Bien bitartean, herriko futbol taldeak Usurbilen eta Zarauzko La Salle ikastetxean entrenatzen ari dira. "Asteburuan abiatuko dituzte ligako partidak preferente mailako neska-mutilek eta ohorezko mailako jubenilek, eta etxetik kanpo jokatzea egokitu zaienez, moldatuko gara. Dena dela, urriaren 24-25ean, gainontzeko taldeek ekingo diote denboraldiari, eta elkarteko zenbait taldek etxean izango dutenez jardunaldia, Zarauzko belar artifizialezko zelaian jokatuko dituzte partidak. Ahal dugun bezala moldatu beharko dugu lanak amaitu bitartean", zehaztu du elkarteko kideak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!