"Geure buruari test modukoak jarri dizkiogu prestaketarekin jarraitu ahal izateko"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko urr. 23a, 12:19
Iñigo Exposito Usurbilgo Baxurde Krosean parte hartzen. Artxiboko argazkia.

Martxoaz geroztik lasterketa gehienak bertan behera gelditu dira, eta badirudi datozen hilabeteetan ere gauza bera gertatuko dela. Hori dela eta, herriko korrikalariak estrategia desberdinak jarraitzen ari dira sasoiari eutsi ahal izateko.

Orioko Kamel Ziani Atletismo Taldea sortu zenetik nabarmen handitu da korrikarako zaletasuna herrian. Kamel Ziani eta Aitor Rubio haurrak eta gaztetxoak entrenatzen lan bikaina egiten ari dira; Euskadiko txapelketa irabazi dute, esaterako, Xabat Elortzak eta Martin Iriondok. Dena dela, elkartean bada helduz osatutako taldetxoa ere. Iñigo Exposito da taldea osatzen duten korrikalarietako bat, eta ezohiko denboraldi honetarako asmoez eta erronkez hitz egin du KARKARArekin. 

Nola planteatu duzue denboraldia egoera berezi honetan?
Orioko atletismo taldeko hainbat kidek bagenuen martxoan helburu bat markatuta Laredon [Cantabria, Espainia], baina ezin izan genuen lehiatu, eta handik egun gutxira konfinamendu agindua iritsi zen. Itxialdian egon ginen bitartean etxean formari eusten saiatu ginen: eskailerak gora eta behera ibili edo bizikleta estatikoa egin. Kirola egiteko baimena eman zutenean, berriz, azkar ohartu ginen egoerak ez zuela ahalbidetzen lasterketak jokatzea, eta geure helburuak markatzen hasi ginen. Irailetik abendura bitartean, gainera, lasterketa dezente izaten dira, eta parte hartzeko asmoa genuen lasterketak erreferentziatzat hartuta, geure buruari test moduko batzuk jarri dizkiogu. Badakigu ez dela lasterketa batean parte hartzea bezalakoa, baina prestaketarekin jarraitzeko aukera ematen digu.

Taldean entrenatzeak laguntzen al du?
Ni duela bost urte murgildu nintzen korrika munduan. Hasieran nire kabuz ibiltzen nintzen, baina pixkanaka taldetxo bat osatu genuen eta elkarrekin entrenatzen dugu. Denok ez dugu maila bera, baina elkar motibatzen garela uste dut; okerxeago dabilenari hobetzen laguntzen dio, eta ondo dabilenari aurrera egiten. Nire ustez taldean entrenatzeak onura dakar; eguraldi txarra egiten duen egunetan gogo gehiagorekin entrenatzen ere laguntzen du.

COVID-19ak ziurgabetasuna sortu du gizarteko arlo guztietan. Pentsatu al duzue zer gertatuko den lasterketekin?
Badirudi 2021ean egoera antzekoa biziko dugula, baina pixkanaka lasterketak sortuko direla uste dut. Elkarte batzuk ausartu dira lehen lasterketak antolatzen. Irailaren amaieran, esaterako, Ordizian Joxetxo Imaz Memoriala antolatu zuten, korrikalari kopuru mugatuarekin, eta izena ematen azkarrenak izan zirenek izan zuten lasterketan parte hartzeko aukera. Urriaren amaierarako ere Deban antolatu dute zortzi kilometro eta erdiko beste lasterketa bat, eta nik bertan izena eman dut. Dena dela, ez dakigu jokatuko den, neurri murriztaileagoak datozela baitirudi. Izan ere, herri mailako lasterketek eta federatuei zuzendutakoek ez dute araudi bera izaren. Taldean batzuk federatuta gaude eta izan dugu aukera pista estalian zein aire libreko pistan egin diren zenbait probetan parte hartzeko. Ez dakigu krosetan aritzerik izango dugun, baina hala bada, aukera horri ere helduko diogu.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!