Plastifisahren Kostera proiektuarekin itsasotik eta ibaietatik tona bat hondakin biltzea espero dute

Karkara 2020ko urr. 23a, 16:10

Aldundiak, Ternuak eta Mater Museoak proiektu berri bat aurkeztu dute gaur, prebentzioaren eta sentsibilizazioaren bidez itsas plastikoen inbasioa desagerrarazteko. Aurkezpen modura egin den itsas irteeran izan da Ana Priede Orioko udaleko zinegotzia.

Proiektua irailean jarri zen martxan, Oiartzun ibaiaren oinezko garbiketarekin. Gaur, hainbat erakunde eta elkarteetako ordezkariek irteera egin dute itsasora. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, ekimen horren helburua da "herritarren inplikazioa bilatzea beren ingurumenaren kontserbazio aktiboan, eta zehazkiago, itsas zaborrak dakarren mehatxuan eta horrek gure itsasoetan ez ezik, ekosistemetan eta geure buruarengan ere dituen ondorioetan".

Proiektu pilotua Gipuzkoako sei arro nagusietako udalerrietan egingo da: Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba. Proiektuaren helburu orokorra da herritarrak ingurunearen kontserbazio aktiboan inplikatzea, ibaian gorako itsas zaborren problematikan eraginez. Itsas ingurunean dagoen zaborraren % 80 lehorreko jardueretatik datorrenez, proiektu pilotu honek zabor horren jatorrian eragin nahi du, eta hura konpontzeko lan egin, arroko hainbat eragile inplikatuko dituzten ingurumen hezkuntzako proposamenen bidez.

Plastifisharen Kostera proiektuak plastikoen inbasioari konponbidea jarri nahi dio, eta ibaian gora dauden hainbat kolektibo inplikatu nahi ditu, prebentzioan eta sentsibilizazioan lan eginez. Proiektuak herritarrak beren ingurumenaren kontserbazio aktiboan inplikatzea bilatzen du, itsasoko hondakinen mehatxuan zentratuz. Ekimena 2019ko irailetik 2021eko martxora bitartean gauzatuko da. Hauek dira proiektuaren helburu nagusiak: itsas zaborra murriztea, balio naturala zabaltzea, itsas zaborren problematika ikusaraztea, horiek konpontzeko ingurumen jardunbide egokiak bultzatzea eta itsas zaborren problematikara eta haien irtenbideetara benetan hurbiltzea, kontsumo ohiturak aldatuz, ingurumen jardunbide egokiak aplikatuz eta komunitatean lankidetzan jardunez.

 Helburu horiek lortzeko, ibaien ibilgu eta bokaletako zaborra garbituko dute, eta beren ingurune naturala zaintzeko konpromisoa hartzen duten ikastetxeei aitortza egingo zaie. Oiartzun ibaiaren arroan beste ekintza batzuk egingo dira, etorkizunean beste arro batzuetara esportatu ahal izango den esperientzia pilotu batean kolektibo desberdinak inplikatuz; unitate didaktiko bat landuko da DBHko gazteekin, haien ingurune hurbilean proiektuak sor eta gara ditzaten; helduekin prestakuntza tailerrak egingo dira kontsumo eta kutsadura ohituren aldaketei buruz, eta sentsibilizazio hitzaldiak egingo dira ibaiaren eta itsasoaren erabiltzaileekin.

Laburbilduz, 35 zabor garbiketa baino gehiago egingo dira ibaien ibilgu eta bokaletan, 1.000 kilo zabor garbituz. "Plastifisharen Kostera" ekimenak 2.000 lagunen inplikazioa bilatzen du, eta horretarako beren ingurunea zaintzen duten lehen hezkuntzako 12 ikastetxeri aitortza egingo zaie, DBHko 8 ikastetxetan sortutako 100 tokiko proiektu egingo dira, eta 6 sentsibilizazio hitzaldi egingo dira ibaien eta itsasoaren erabiltzaileekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!