Koronabirusaren oldarraldiaren aurrean, zuhur jokatzen jarraitzeko deia egin du udalak

Karkara 2020ko urr. 23a, 16:42

Gaurtik aurrera, soziedade gastronomikoek itxita egon beharko dute, tabernen ordutegia murritzagoa izango da, eta udal instalazio, taberna eta denden edukiera %50 murriztuko da.

COVID-19ak eragindako pandemiaren azken olatuak gogor astindu ditu inguruak eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri ditu bi agindu, prebentzio-neurri berriak ezarriz, batzuk orokorrean aplikatzekoak eta beste batzuk eremu gorrian dauden herrietan aplikatzekoak.

Udalak adierazi duenez, Orioko datu epidemiologikoak nahiko onak dira gaur egun, konparazioan, eta, beraz, herrian aplikazio orokorreko neurriak bakarrik jarriko dira indarrean; hala ere, Udalak oharra kaleratu nahi izan du, herritarrei eskatzeko orain arte bezala zaintzen segitzeko eta agintariek ezarritako segurtasun-neurri guztiak betetzeko.

Gainera, oharraren arabera, egoera epidemiologikoa edozein momentutan okertu daiteke Orion ere, eta garrantzizkoa da alerta segitzea eta norbera eta ingurukoak zaintzea.

Neurri berriak

Gaurtik aurrera Orion aplikatzekoak diren neurri berrien artean hauek nabarmentzen dira:

  • Soziedade gastronomikoek itxita egon behar dute.
  • Interakzio sozialak murrizteko aholkua ematen dute osasun-agintariek eta, nolanahi ere, 6 pertsona baino gehiagoko talderik ez biltzeko gomendatzen dute.
  • Tabernetako ordutegia murritzagoa izango da eta 24:00etarako guztiz itxita egon behar dute.
  • Tabernetako terrazatan eta barruko mahaitan, gehienez ere, 6 pertsonako taldeak juntatu ahal izango dira.
  • Udal-instalazio, taberna eta dendetan aforoa %50ekoa izango da gehienez, betiere distantziak zainduta.
  • Edozein motatako jarduera fisikoa 6ko taldetan egin ahal izango da, gehienez.

Udalak bere horretan eutsiko die antolatutako kultur jarduerei, aldaketarik gabe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!