Ezkutuan dagoena, hegan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 24a, 13:47

"Hirugarren alaba" jendaurrean aurkeztu du gaur Marisa Arruabarrenak: Ezkutuan dagoena olerki liburua. Hamahiru urtez sentitu eta idatzitakoak bildu ditu lan honetan, eta emaitza esku artean, "ametsak egi bihurtu" dituela adierazi du.

Marisa Arruabarrenak sentimendu biziz bete du gaur kultur etxeko aretoa, eta sentimendu biziz bete ditu bere aurrenengo liburuko orriak ere, Elene Tamayoren marrazkiekin jantzita. Gaur aurkeztu du Ezkutuan dagoena olerki liburua jendaurrean, eta gertukoez gain, ondoan izan ditu Lucien Etxezarreta Maiatz argitaletxeko koordinatzailea eta Auxtin Zamora Hatsaren Poesia bildumaren arduraduna.

"Hau naiz ni, ama, emaztea, irakaslea, alaba, izeba, ahizpa eta, noizean behin, halako lamiren bat gurera etortzen denean poeta, idazlea", dio Arruabarrenak liburuaren azalean. Hunkituta azaldu du "ondo kostata" erdietsi duela lan hau. "Nire esperantza da, agian, nire obra ere hor nonbait ezkutatuta egotea eta agian, behingoz, nire hitzak norbaitek irakurriko dituela eta grabatuta daudela", esan du olerkigileak, liburuaren izen berdina daraman olerkian esandakoak oinarri hartuta. "Amestea libre" izanik ere, oraingoan bere "ametsak egi bihurtu" dituelakoan dago oriotarra: "Horren adibide da esku artean duzuen liburu emea. Hamahiru urteko haurdunaldiaren ondoren, kostata, baina erditu dut azkenean". "Nire hirugarren alaba eramango duzue esku artean. Zaindu zuena balitz bezala", gaineratu du, bihotz-ukituta.

Barneko sua

Ainara Maia Urroz olerkigilea ezin izan da aurkezpenera bertaratu, baina grabaketa bidez, bere hitzak ekarri dituzte gaurkoan, eta Arruabarrenari zuzendutako idatzi bat entzuteko aukera izan da. "Ezkutatutakoak azaleratzeko behar bat da liburua, sentitu ahala idatzitakoa, erraietatik izkiriatutakoa, makillajerik eta metaforarik gabe", zioen Maiak.

Arruabarrenak kaleratu duen lehenengo lana izanik, Zamorak nabarmendu du "lehen pausoak direla garrantzitsuenak"; "lehen orroa", alegia. Urteak dira elkar ezagutzen dutela, eta senperetarrak ziurtatu du Arrauabarrenaren "sutasuna" ez dela "apaldu" ezagutu zuenetik. "Urtero atsegin zait ikustea bere barneko su hazi hori bere olerkietan".

Poeta herri bat

Baionako Maiatz etxearekin eman du argitara Ezkutuan dagoena Arruabarrenak. Argitaletxeko kide Etxezarretak balioan jarri du "euskarazko liburu baten argitalpena": "Euskara ez da soilik mintzatua, idatzia ere bada". Eskerrak eman dizkio oriotarrari, "lan handia baita liburu baten sorkuntza". "Urte askotako lanen bilduma bat da Ezkutuan dagoena, eta lan horretan bere bihotza, bere sentimenduak, bere bizitza sartu ditu", azaldu du. Hala, zoriondu egin du Arruabarrena, baina baita Orio osoa ere: "Marisa pertsona bat da, baina Orioko bizitzari lotua da. Norberak ekartzen du bere pertsona, bere mundua, bere herria, bere familia, eta orduan, elkarlan bat da liburu bat", azaldu du Etxezarretak.

Bestalde, Arruabarrenarena poesia liburu bat dela ekarri du gogora, eta hortik abiatuta hainbat hausnarketa egin ditu: "Herri poeta bat da Euskal Herria, eta beharbada, ez gara ongi konturatzen. Mendeak igaro ditugu poesiarekin eta euskararekin, eta luze iraungo dugu hala, bistan da". "Poesiarekin mundua apaintzen da, hizkuntza aberasten, sentimenduak indartsuki agertzen", dio.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!