'Etorkizuneko Orioko hirigintza, emakumeen* ikuspegitik' parte hartze prozesua abiatuko dute gaur

Karkara 2020ko urr. 26a, 16:25

Orioko Udalak parte hartzeko prozesu bat antolatu du, berrikusten ari den HAPOan (Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean) emakumeen* ikuspegia txertatzeko. Gaur egingo dute egitasmoko lehen saioa, 19:00ean kultur etxean, 'Herritarren mahaia' izenburupean.

Parte hartze prozesu horren barruan, hainbat formakuntza eta partaidetza saio prestatu dira, herriko eragileekin eta Udaleko teknikari eta zinegotziekin gaia lantzeko.

Hirigintza arloan hartzen diren erabakiek herritar guztien bizimoduei eragiten diete, baina askotan erabaki horietan ez dira maila berean jartzen biztanle guztien beharrak. Hori ekiditeko, eta feminismoek erakutsitako bidetik, gai hauek bistaratu eta txertatu nahi ditu Udalak HAPOan:

  • Segurtasuna eta babesa espazio publikoan.
  • Zaintza-lanak eta zaintzaren mugikortasuna.
  • Denboraren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna.
  • Etxebizitza eta ekipamenduak genero-ikuspegitik.

Gai horiek lantzeko, hiru parte-hartze saio hauek egingo dira kultur etxean:

  • Urriak 26, astelehena: HERRITARREN MAHAIA, hirigintzan baino gehiago, Orion bizitzen adituak behar ditugulako.
  • Urriak 27, asteartea: EMAKUMEEN* MAHAIA Berrikusten ari den HAPOan genero-ikuspegia txertatzeko irizpideak osatzeko.
  • Urriak 28, asteazkena: ZAINTZA-, AUTONOMIA- ETA HEZKUNTZA-MAHAIA. Desgaitasunak dituztenen, adinekoen, zaintzaileen, gurasoen, hezitzaileen… begiradak hirigintzan.

Bizi dugun egoerak ez du uzten bilera jendetsuak egiten eta, horregatik, Udalak arlo bakoitzeko elkarte eta erakundeei egin die prozesuan parte hartzeko gonbita. Nolanahi ere, saioak irekiak dira eta edozein interesatuk dauka parte hartzeko aukera, baina, hori bai, aldez aurretik izena eman behar du kultur etxera deituta (943 134 409).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!