Hauteskundeak AEBetan

Jason Coon: "Beste aldekoa ere entzun behar dela uste dut, hobeto ulertu eta alferrikako eztabaidetan ez sartzeko"

Rikardo Uzkudun 2020ko aza. 3a, 08:17
Jason Coon, astelehen honetan, hauteskundeei buruzko elkarrizketan (Rikardo Uzkudun)

Jason Coon-ek (Morton, Illinois, AEB, 1983) eta bere familiak bost urte daramatzate dagoeneko Orion. Amerikako Estatu Batuetatik (AEB) etorri ziren, eta herrian ezagunak dira senar-emazteak eta lau haurrak. Beregana jo dugu han gaur egingo diren hauteskundeei buruz galdetzeko.

Illinoisen jaio, baina familia Michiganen eratu zenuten. Estatu giltza horietako bat da: zergatik da hain garrantzitsua?
Amerikako Estatu Batuetako sisteman, ez zaio zuzenean hautagaiari botoa ematen, baizik eta estatu bakoitzeko ordezkariei. Ordezkari horiek, gero, beren aldeko presidentegaiari ematen diote boza; baina, kontua da, estatu batean botoen %51 eskuratzen duen alderdiak estatu horri dagokion ordezkari guztiak lortzen dituela. Honek egiten duena da, errepublikarren edo demokraten aldekoak garbi ez diren estatuak oso garrantzitsuak izatea hauteskundeak irabazteko. Horregatik jartzen dute hainbeste indar azken egunetan estatu horietan; garbi ez dagoenez, beren alde jo eta hauteskundeak irabaz ditzaten. Estatu batzuk beti dira gorriak, eta beste batzuk urdinak, baina Michigan, Floridarekin eta beste batzuekin batera, zalantza sortzen duen horietako bat da. Aspalditik datorren sistema bat da; jende gutxi bizi den estatuek ere nazio mailan ahotsa izan zezaten ezarri zuten.

Zer du Trumpek estatubatuarren zati batentzat horren erakargarri izateko?
Denetarik pixka bat. Ez da ahaztu behar negozio gizona dela. Batetik, betiko errepublikarrak daude, bai edo bai alderdiko hautagaiari botoa ematen diotenak. Bestetik, erdian badago jende bat arrazoi jakin bategatik botoa ematen diona. Esate baterako, nire koinatua armazalea da, eta nola Trumpek armen erabilera defendatzen duen eta besteak ez, ba horrexegatik bakarrik eman diezaioke botoa. 

Nola bizi duzu tentsio hori zure inguruan, familian eta abar?
Bueno, tabu moduko bat da, egia esan.

Michiganen, badirudi, istiluak gertatzeko beldur handia dagoela.
Ba gauza bat esango dizut: hemendik okerrago ikusten da hori handik baino. Han batekin eta bestearekin hitz egiten duzu, eta hiri handietan igual zerbait pasa daitekeen arren, badakizu herrietan ez dela ezer gertatuko. Hemen, zeure buruari esan behar diozu ez dela horrenbesteraino, bestela medioetan ikusten duzunarekin erraz kezkatu zaitezke.

Trumpek jendearen beldurrarekin jolasten du, ala?
Bai, biek jolasten dute jendearen beldurrarekin, baina Trumpek gehiago, bai.

Arrazakeria hezurretaraino sartua dago hango gizartean; tarteka, hilketa batekin edo lehertzen da.
Gai oso potoloa da. Ez dakit gauza izango naizen azaltzeko [euskaraz ari da Jason]. Arrazismoak oso sustrai sakonak ditu gure herrian, historia luzea du, eta ez da erraza konpontzen.

Eta Bidenek, eskaintzen al du ezer berezirik?
Bueno, ez da Trump. Hala eta guztiz ere, Trumpek bere alderdian egin zuen gauza berbera egin zuen Bidenek demokraten primarioetan. Ez zen bozkatuena izan, baina baten eta bestearen babesarekin, aurrera egin zuen. Nik bi hautagaiak eta bere itxura ikusten ditudanean, zera pentsatzen dut: ez al dago beste hautagairik? Egia esate aldera, Bidenek pixka bat hobeto hitz egiten du klima-aldaketaz, COVID-19az eta arrazismoaz, eta, nire ustez, horrek arazoak hobeto konpontzeko bide ematen du.

Bozkatu duzue? Nork irabaziko du astearte honetan?
Bai bai. Baina ez dakit. Ez da berehala jakingo gainera. Posta bidezko botoa kontatzeak luzerako jo dezake.

Bazirudien urte hasieran Trumpek irabaziko zituela hauteskundeak: kargutik kentzeko impeachment-etik garaile atera zen demokraten aurrean, eta ekonomia ere goraka zihoan, langabezi maila oso baxuekin. Baina COVID-19a ailegatu zen AEBtara ere.
Bai, eta horrek kalte handia egin dio. Berak ez du neurriak hartzeko eskumenik, estatu bakoitzeko gobernadoreek baizik, eta hobe zukeen isilik egon, eta ez hasi zen bezala, inportantzia kenduz eta txorakeriak esaten. Presidente batek ezin du horrela hitz egin.

Zer gehiago erantsiko zenuke?
Horrelako gauzak ez dira sinpleak, eta ez dira ez txuri, ez beltz. Trumpek fuerte hitz egiten du, eta trumpzalea ez naizen arren, egia esan, gauza batzuk ondo egin ditu. Bidenek egokiago hitz egiten du, baina ez dakizu bere hitza beteko duen edo ez. Jende askorentzat ez da bata edo bestea. Bozkatzen duzunean, erabaki beharra daukazu, nahiz eta zuretzako gai garrantzitsu batzuk alde batekoek hobeto planteatu, eta beste batzuk beste aldekoek. Horrez gain, beste aldekoa ere entzun behar dela uste dut, hobeto ulertu eta alferrikako eztabaidetan ez sartzeko. Adibidez, nire koinatu armazalearekin ez nago ados, baina ulertzen dut zergatik nahi duen arma bat eduki, eta onartzen dut nola sentitzen den. Gustatu ala ez gustatu, elkar maitatu behar dugu.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!