Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster Martutenera eramango dituzte, eta hirugarren gradua emango diete

Aiora LarraƱaga 2020ko aza. 4a, 17:04
Artxiboko irudia.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak jakitera eman du Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoak Aranjuezeko —Madril, Espainia— espetxetik Donostiako Martutenera lekualdatuko dituztela. Biei hamabi urteko zigorra ezarri zieten 2009an, eta, orain, hirugarren gradua eman diete.

Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Luis Ortizek agerraldia egin du Espainiako Kongresuan, eta bost presoren lekualdatzearen berri eman du. Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek poz handia hartu dute berria jakin dutenean. "Patxik eta Olatzek oraindik ez dakite Martutenera lekualdatuko dituztela. Abokatuak Lasagabasterren amonari deitu dio, eta presoek biharko deiarekin jakingo dute albistea". 

Plataformako kideek gogorarazi dute pandemia garaia "oso gogorra" izan dela Urangaren eta Lasagabasterren alaba Xuarentzat. "Urtarrilean atera zen Xua Picassenteko espetxetik, eta otsailetik ezin izan ditu gurasoak ikusi, aurrez aurreko bisitak eten egin dituztelako pandemiagatik. Oso egoera gogorra da hiru urteko haurrarentzat, eta espero dugu laster haurrak gurasoekin eta ahizpa txikiarekin biltzeko aukera izatea". Izan ere, uztailean jaio zen Maddi, Urangaren eta Lasagabasterren bigarren alaba.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!