Karela kiroldegiko rokodromoa eraberritu dute elkarlanean

Iñigo Gaiton 2020ko aza. 5a, 16:12
Argazkia: Talai Mendi Elkartea.

Hemezortzi bide desberdin egiteko aukera ematen du orain rokodromoak. Talai Mendi Elkartearen ekimenez, elkarlanean eraberritu dute Orioko Udalarekin eta BPXport enpresarekin batera, eskaladan hasi eta trebatu nahi dutenentzat egokiagoa izan dadin.

Karela kiroldegiak rokodromo eraberritua du duela lauzpabost astetik, herriko eskalatzaileen gozamenerako. Talai Mendi Elkartearen ekimenez, eskaladarako instalakuntzak berritu egin dituzte, Orioko Udalarekin eta Karela kiroldegiaren ardura duen BPXport enpresarekin elkarlanean. 

Eneka Guenetxea Talai Mendi Elkarteko bazkidea da. Berarengandik sortu zen zaharkituta zegoen rokodromoari eskua sartzeko ideia: “Duela urte batzuk, Orioko Herri Ikastolako ikasle talde txiki bati eskalada erakusteari ekin nion, eskola kirolaren barruko jarduera modura. Gure elkartetik materiala hartu eta kiroldegiko rokodromoan ibiltzen ginen, gora eta behera”.  Umeen artean eskaladak interesa pizten zuela ikusi zuen Guenetxeak, baina, aldi berean, herriko rokodromoa motz geratzen zitzaien. 

Hala, kiroldegiko rokodromoaren egitura bera ona zela ikusita, inbertsio minimo batekin “zerbait txukuna egiteko aukera” egon zitekeela pentsatu zuen, eta hortik sortu zen proposamena. 

Hemezortzi bide 
Auzolanean egin dituzte rokodromoa berritzeko lanak Talai Mendi Elkartekoek. “Sei lagun inguru ibili ginen lanean. Paretako helduleku zaharrak kentzeko goiza behar izan genuen. Berriak jartzeko, berriz, gehiago, bi egun oso”, zehaztu du Guenetxeak. 

Rokodromoko heldulekuak jartzeko lanean, eskulana baino konplexuagoa da aurretiazko lana: kolore desberdinetako heldulekuak non eta nola jarri pentsatu behar izaten da, paretako bide desberdinek zentzua izan dezaten. “Orain, hemezortzi bide egiteko aukera ematen du rokodromoak. Zailtasunari dagokionez, errazetik gradu ertainera bitarteko bideak jarri ditugu, rokodromoa hasiberrientzat eta maila pixka bat dutenentzat gozagarria izateko”, dio eskalatzaileak. Bere iritziz, orain itxura dezente hobea dute instalakuntzek, eta kalitatez ere hobeak dira. 
 
Talai Mendi Elkarteko kideek berengain hartu dute eraberritze lanen eskulana, baina horretaz gain 1.089 euro gastatu dituzte pintaketa lanetan. Orioko Udalak, berriz, 2.460,74 euro gastatu ditu pieza berrietan. 

Harrobia lantzen
Eskaladak jende asko mugitzen duen tokietan, Alemanian kasu, rokodromoak dinamikoak izaten dira. Teknikari batek izaten du instalakuntzen mantenuaren ardura, baita gaztetxoei eskolak ematekoa ere. “Hemen hori pentsaezina da, baina saiatu nahi dugu rokodromoa bizi-bizi mantentzen. Orain, pareta lehen baino dezente egokiagoa da gaztetxoei oinarrizko gauzak erakusteko eta herrian eskaladari bultzadatxoa emateko”, iritzi dio Guenetxeak. 

Talde teknifikatuagoentzat, ordea, oraindik ere motz ikusten du. “Oso ondo geratu da eskalada probatu nahi dutenentzat, baina ez ditu nahikoa baliabide eskaintzen maila altugoan trebatu nahi dutenentzat”.

Eskaladak gero eta jende gehiago mugitzen duela ikusita, etorkizunean umeentzako ikastaroak antolatzeko asmoa du kiroldegiaren kudeaketaz arduratzen den BPXport enpresak. Haurrek igeriketa ikastaroetan mailaz maila aurrera egiten duten modura, tankerako eskaintza egin nahi dute, oraindik noiz ez badakite ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!