Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster Usurbilera bidean dira, espetxetik ateratzeko jaso duten lehen baimenarekin

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 6a, 21:30
Artxiboko irudia.

Xua Gurasoekin Etxera plataformak adierazi duenez, 17:30ean atera dira Aranjuezeko espetxetik, eta astelehenean Martutenen aurkeztu beharko dute. Zortzi hilabete eta gero, Xua alabarekin elkartzeko aukera izan dute bi presoek.

Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoak Euskal Herrira bidean dira, Xua Gurasoekin Etxera plataformak jakitera eman duenez. Kartzelatik ateratzeko hiru eguneko baimena jaso dute bi presoek, eta hori bukatutakoan, Martutenen aurkeztu beharko dute. Datozen egunak Usurbilen emango dituzte Urangak eta Lasagabasterrek, plataformak adierazitakoaren arabera: "Familia giro intimoan egongo dira egun hauetan, eta ez da inolako harrera edo ekimenik egingo, oraindik ez dituztelako erabat aske utzi".

Hasiera batean, eguerdiko hamabietan zuten Aranjuezko kartzelatik ateratzeko ordua bi presoek, baina arratsaldeko bostetan atera dira. Eguerditik, kanpoan zain izan dituzte etxekoak eta Xua alaba.

Gaur gaurkoz, ekainean dute finkatua espetxetik ateratzeko data. Ordura arteko denboran, Martuteneko kartzelan egongo dira, jaso berri duten hirugarren graduarekin. Datorren astean jakingo dute hirugarren gradu horren baldintzak zeintzuk diren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!