Euskaraldia 2020

Euskaraldiko txapak Kultur Etxean banatuko dituzte datorren astean

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 14a, 11:49

Kultur Etxeko areto nagusian jaso ahalko dira ahobizi eta belarriprest txapak, goizean nahiz arratsaldean. Izena azaroaren 19ra arte eman daiteke, online eta baita Udalak eta KARKARAk etxe guztietara banatu duten Euskaraldiko gehigarriko izen-emate orria beteta ere.

Sei egun besterik ez dira geratzen Euskaraldia hasteko, azaroaren 20arekin. Herritarrak ari dira ahobizi eta belarriprest roletan izena ematen, eta horiei datorren astean banatuko zaizkie soinean eramateko txapak. Kultur Etxera bertaratu beharko dute herritarrek txapak eskuratzera, bertako areto nagusira. Goiz partean Kultur Etxeko Imanol Urkizu atezaina arduratuko da; arratsaldean, berriz, Orioko Euskaraldiko lantaldeko kideak.

Antolatzaileek jakinarazi dute segurtasun arauak beteta eta distantziak zainduta egingo dela banaketa, eta jende pilaketarik ez gertatzeko, areto nagusiko bi ateak erabiliko dituztela aurreratu dute; bat sartzeko, eta bestea ateratzeko.

Izen ematea, online edo Euskaraldiko gehigarrian

Oraindik izena eman ez duten herritarrek, berriz, horretarako aukera edukiko dute azaroaren 19ra arte Euskaraldiaren webgunean bertan. Norbaitek ezingo balu izena Internetez eman, beste aukera da etxez etxe KARKARAk eta Orioko Udalak banatu duten Euskaraldiko gehigarriko izen-emate orria bete eta Kultur Etxera eramatea.
 
Euskaraldiko gehigarria Urola Kostako lau aldizkarirekin banatu da: Maxixatzen (Azkoitia), Uztarria (Azpeitia), Baleike (Zumaia) eta KARKARA. Beste herrietan, aldizkarien bazkideek bakarrik jaso dute Urolako Komunikazio Taldeak argitaratutako gehigarria. Orion, berriz, udalak erabaki du masiboki banatzea etxe guztietara, Euskaraldiarekiko duen inplikazio handia erakutsiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!