Do, Re, Ni musikaleko partaideek oparia egin diete BPXporteko kideei

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 15a, 16:09
Ikuskizuneko partaide askok bertaratu nahi izan zuten kiroldegiko langileei detailea ematera (Onintza Lete Arrieta)

Kiroldegiko kantxa erabili zuten Eusko Ikaskuntza ikuskizunaren entseguak egiteko, eta langileei oroigarria eman zieten atzo eguerdian kiroldegi aurrean. Kiroldegiko Mari Karmen Aldanondok jaso zuen koadroa, eta eskerrak eman zizkien Do, Re, Nikoei "BPXport taldeko lankide eta zuzendaritzako kide guztien izenean".

Atzo eguerdian kiroldegi aurrean elkartu ziren Do, Re, Ni proiektuaren ikerketan parte hartu zuten boluntarioetako batzuk eta Xabier Lizaso proiektuaren sortzailea. Zertarako? Bada, beren esker ona adierazteko Karela kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresako langile guztiei. Izan ere, pare bat astez kantxa beraiek erabili zuten Eusko Ikaskuntza musikala prestatu ahal izateko, eta langileen laguntza eta jarrera eskertu nahi izan zuten koadro bat oparituz lantaldeari.

Koadroaren azpialdean, ikuskizuneko partaideen argazkia ageri da; horien gainean, denen sinadurak, eta goi-goian, berriz, honako testua:

BPXporteko laguntzentzat, bihotzez. 2020.

Adin badaukagun herritarrak gara
gogo handiz bilduak lan handietara.
Enpresa moldatuaz herrian baitara
kiroldegia utzi zeniguten ta hara...
ukondoz saludatzen aspertuak jada
eskuzabaltasuna eskertzekoa da.

Mari Karmen Aldanondo kiroldegiko langilea

Mari Karmen Aldanondok jaso zuen oroigarria enpresaren izenean, eta eskerrak eman zizkien han bildutako herritarrei "lantalde osoaren eta zuzendaritzaren izenean". Aldanondok esan zuen hasieratik "oso proiektu interesgarria" iruditu zitzaiela "herriko jendearentzat eta bertan parte hartzen ari zirenentzat", eta azpimarratu zuen udalaren eta kirol kluben partetik onespena jaso zuela kiroldegiak, entseguak kantxan egin ahal izan zitzaten. "Gure apurra, esan dezagun, horixe izan zen, kantxa uztea. Guretzat ere pozgarria izan da ikustea beraiek zer lan egin duten, polita izan da".

"Eskertu nahi diegu eduki duten detaile hau, are gehiago garai hauetan; gauza hauekin guztiekin tristura pixka bat ere badago, eta gurekin horrelako detailea izateak asko poztu gaitu", esan zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!