Abenduko kultur agenda aurkeztu du Orioko Udalak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko aza. 16a, 13:19
Uhaina Atxotegi kultur teknikariak, Julen Alonso musikariak eta Xabier Ibarguren Kultura batzordeburuak parte hartu dute aurkezpenean. (Aiora Larrañaga)

Abenduan zehar, antzerkia, musika, bertsoak eta haurrentzat kultur ekitaldiak izango dira Orion. Bestetik, Gabon giroko jardueren inguruko lanketa egiten ari da udala eragileekin batera, ekitaldiak egoera berrira moldatu ahal izateko.

Orioko Udalak abenduko kultur egitaraua aurkeztu du gaur goizean, udalbatzar aretoan, eta kulturari bultzada ematen jarraitzeko konpromisoa erakutsi du. "Orioko Udalarentzat ez da erraza izan San Pedro eta San Nikolas jaiak bertan behera uztea, baina beste aukerarik ez dugu izan, osasun jarraibideek horretara bideratzen dutelako", azaldu du Kultura batzordeburu Xabier Ibargurenek. Dena dela, gogoratu du udan ekindako bideari segida eman nahi diola udalak, eta jarraituko duela "euskaratik sortu eta euskaraz sortuak diren kultur egitarauak sustatzen, programatzen eta eragiten, osasun dekretuek uzten duten bitartean". 

Kulturak gizartean duen garrantzia ere azpimarratu du Ibargurenek, aurkezpen ekitaldian. "Hizkuntzak eta kulturak egiten gaituzte herri eta, egoera zail honetan, mahai gainean jarri nahi dugu kultura segurua dela eta beharrezkoa dela. Ahal dugun neurrian, horretan ere arnasgune izan nahi dugu, kulturak aberastasuna eta osasuna ere ematen baitu, arlo guztietan. Eta hori da herriari eskaini nahi dioguna", adierazi du.

Babes neurriak
Abendurako antolatu dituzte kontzertu guztiak 19:00etan hasiko dira, 21:00etarako amaitu ahal izateko. Bestalde, orain arte bezala, arduraz jokatzeko eta osasun neurriak betetzeko ere eskatu die Kultura batzordeburuak ekitaldietan parte hartuko duten herritarrei.

Bestetik, zehaztu dute emanaldietako sarrerak kultur etxean jarriko dituzte salgai ekitaldia baino hamabost egun lehenagotik. Hala, sarrerak erosi edo gonbitak eskuratu nahi dituztenek kultur etxean bertan izango dute horretarako aukera; 943-13 44 09 telefono zenbakira deituta erreserba ere egin ahalko da.

Gabonetako ekitaldiak lantzen
Normalean, Orioko Udalak abenduko agendan ematen du Gabonen bueltan antolatutako ekitaldien berri, baina, oraingo honetan, aurrerago jakinaraziko dituzte kultur eragileek eta udalak elkarlanean antolatutako ekitaldiak zein izango diren. "Egoera nahiko ezegonkorra da, eta uneoro egoera berrira moldatzen ari gara. Mikel Urdangarinen kontzertua da horren adibide argia, bi aldiz aurreratu behar izan genuelako, unean uneko aginduetara egokitzeko. Hala, Gabonetako ekitaldien lanketa egiten ere ari gara. Gaur gaurkoz, profesionalak ez diren kultur jarduerak bertan behera utzita daude, azaroaren 6ko dekretuaren arabera. Hala ere, ez dakigu abenduaren bukaeran zein izango den egoera; orain artekoa baino samurragoa izatea espero dugu, eta baina aztertzen ari gara. Ekitaldiak egon egongo dira, baina oraindik ez dakigu zein formatutan", azaldu du Kultura batzordeburuak.

ABENDUKO KULTUR AGENDA

Abenduak 1, asteartea
- 18:00. Leire Zinkunegi ipuin-kontalariaren saioa kultur etxean, 5-8 arteko haurrentzat. Doan.

Abenduak 5, larunbata
- 19:00. Julen Alonso eta Oinkari dantza-taldearen emanaldia kiroldegian. Sarrera: 10euro.

Abenduak 6, igandea
- 12:30. Urteroko bertso-saioa, Errikotxia bertsozale elkarteak antolatua, kiroldegian. Doan. Honako bertsolariek parte hartuko dute: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aner Peritz, Jore Uria eta Aitor Sarriegi.

Abenduak 12, larunbata
- 19:00. Ruper Ordorikaren kantaldia kiroldegian. Sarrera: 10 euro.

Abenduak 14, astelehena
- 18:00. Leire Zinkunegi ipuin-kontalariaren saioa kultur etxean, 3-6 arteko haurrentzat. Doan.

Abenduak 19, larunbata
- 19:00. Zetak musika-taldearen kontzertua kiroldegian. Sarrera: 10 euro.

Abenduak 22, asteartea
- 17:00. Urpekariak bertso-antzerkia haurrentzat Arraunetxen. Doan

Abenduak 26, larunbata
- 19:00. Anari abeslariaren kantaldia kiroldegian. Sarrer: 10 euro.

Abenduak 28, astelehena
- 19:00. Ispirit gospel-taldearen kontzertua elizan. Doan

Abenduak 30, asteazkena
- 19:00. Losers. Galtzaileak antzezlana Arraunetxen, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreekin. Sarrera: 10 euro.

Urtarrilak 2, larunbata
- 19:00. Xabi Solano Maiza eta Kimua dantza-kolektiboaren emanaldia kiroldegian. Sarrera: 10 euro.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!