Hamalau positibo atzeman dituzte Orion ostiraletik igandera bitartean, eta Aian bi

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 16a, 15:25

Ostiraletik igandera bitartean, 95 kasu berri zenbatu dituzte eskualdean: 37 ostiralean, 28 larunbatean eta 30 atzo. Dena den, semaforo gorriak piztuta jarraitzen du Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen nahiz Zumaian. Aurreko asteburuko ehunekoekin alderatuta, positibotasun tasak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %7,8koa da gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitara atera ditu asteburuko PCR eta antigenoen emaitzak, eta aurreko asteburuan baino positibo gutxiago atzeman dituzte oraingoan Urola Kostan. Ostiraletik igandera bitartean, hain zuzen, 95 lagunek eman dute positibo eskualdean: 37 izan ziren ostiralean, 28 larunbatean eta 30 atzo, igandea. Aurreko asteburuan (azaroaren 6tik 8ra), aldiz, 154 kasu zenbatu zituzten.

Zarautzen detektatu dituzte positibo gehien: 26. Hamahiru kasu zenbatu zituzten ostiralean, zazpi larunbatean eta sei atzo, igandea, eta une honetan, 742,46koa da kasu metatuen tasa (836,87koa izan zen aurreko asteburuan). Azpeitiak oso gertutik jarraitzen dio Zarautzi: 23 emaitza positibo izan dira, hain zuzen, hamar ostiralean, bost larunbatean eta zortzi atzo. 1195,62koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz, aurreko asteburuan baino baxuagoa (1.222,19koa zen lehengo astelehenean).

Orion, bestalde, hamalau kasu berri topatu dituzte asteburuan; launa ostiralean eta atzo, eta sei larunbatean. Azken egunetako datuekin gora egin du Orion 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, eta une honetan, 1253,92koa da.

Azkoitian eta Getarian hamaikana emaitza positibo izan dira asteburuan: Azkoitian bi kasu atzeman zituzten ostiralean, lau larunbatean eta bost igandean, eta Getarian, bost ostiralean, bi larunbatean eta lau igandean. Getarian positiboen kopuruak zertxobait gora egin badu ere (astelehenetik ostegunera bitartean zazpi izan ziren), Azkoitian nabarmen egin dute behera kasuek (42 positibo zenbatu zituzten astelehenetik ostegunera bitartean).

Zumaian, Aian eta Errezilen ere izan dira emaitza positiboak asteburuan: zazpi Zumaian, bi Aian eta bat Errezilen. Azpimarratzekoa da Zumaian atzemandako positiboen kopuruak izan duen beherakada. Azaroaren 2tik 8ra 37 kasu zenbatu zituzten eta 1343,51koa zen intzidentzia tasa, eta pasa den astean (azaroaren 9tik 15era), ordea, 24 positibo izan dira. Azkeneko datuekin, 620,87koa da kasu metatuen tasa.

Ostiraletik igandera arteko zenbatekoak kontuan hartuta, hala ere, eskualdeko bost herritan jarraitzen du piztuta semaforo gorriak: Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Intzidentzia tasa behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

COVID-19a atzemateko 38.834 proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan joan den asteburuan. Horietatik 3.087 izan dira emaitza positiboak; hain zuzen, 1.234 ostiralean, 1.043 larunbatean eta 801 atzo. Aurreko asteburuan PCR eta antigeno gutxiago egin zituen Osakidetzak, 38.498, eta gehiago izan ziren detektatutako positiboak: 3.867. Hortaz, behera egin du positibotasun tasak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz %7,8koa da ehunekoa, eta aurreko astelehenean, azaroak 8, %9,8koa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!