Gipuzkoako Foru Aldundiak foru gobernua berregituratzea onartu du gaur goizean, eta horretarako, hainbat kargu aldaketa egin ditu. Horietatik esanguratsuena izan da Jokin Perona oriotarra Ogasun eta Finantza diputatu izendatzea. Enpresen administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua da Perona, Kutxan partaidetza analista gisa jardundakoa, eta bost urte zeramatzan foru ogasunaren zuzendari karguan. Gaurtik aurrera, baina, departamendu horretako diputatua izango da.
Perona kargu horretan jarri dute azken bost urteotan Ogasun eta Finantza diputatu izan den Jabier Larrañaga azpeitiarra Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurumen diputatu izendatu dutelako. Olanok azaldu du foru gobernua berregituratzea erabaki dutela “pandemiak sortutako krisiaren aurrean aldundiaren estrategia ekonomikoa indartzeko, eta gertatzen ari diren eraldaketa sozioekonomiko izugarrien aurrean erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna areagotzeko”.