"Erronka handia dugu euskararen erabilera handitzeko ostalaritzan eta merkataritzan"

Karkara 2020ko aza. 19a, 10:22

Bihar hasiko da Euskaraldia, euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Orioko Udalak bat egin du ekimenarekin, eta Orioko alkate Anuska Esnalek herriak euskara arloan dituen erronkez hitz egin du.

Euskaraldia iristear da, eta Udala Arigune izango da. Zer neurri hartu dituzue?
Lau Arigune osatu dituzte Udaleko langileek, lau esparrutan: udal-brigadan, Udaltzaingoan, Kultur Etxean eta udaletxeko eraikinean. Arigune bakoitzak erabakiko du zertan hobetu nahi duen euskararen erabilera, guztietan dago-eta zer hobetua. Orokorrean, asko egiten da euskaraz Orioko Udalean, batez ere laneko gai formaletan. Beharbada, esparru informalenetan daukagu hobetzeko tarterik handiena. Zinegotziok ezin izan dugu Arigune bat osatu, guztiek ez daukatelako ulermen-maila nahikoa, baina gehienok parte hartuko dugu Euskaraldian, norbanako gisa, eta saiatuko gara egun horietan ohitura batzuk aldatu eta euskara gehiago erabiltzen.

Udaleko Euskara Zerbitzuak 2019an egindako azken neurketaren arabera, euskararen erabilera igo egin da herrian. 2018ko Euskaraldiak lagundu al zuen herritarren kontzientzia pizten?
Euskaraldiaren Orioko lantaldeak lan handia egin zuen 2018an, lehenbiziko Euskaraldia antolatu zenean, eta herritarren erantzuna ere oso ona izan zen. Seguru nago lagundu zuela. Balio izan zuen jende asko gaiari buruz pentsatzen jartzeko eta konturatzeko gutako bakoitzak asko egin dezakeela, euskara gehiago erabiltzeko.

Euskaraldiko aurtengo asmo nagusia da lan mundua euskaratzea. Nola ikusten duzu Orio zentzu horretan?
Orion zerbitzuen sektoreak du indarrik handiena gaur egun, eta hor erronka handia dugu euskararen erabilera handitzeko, bereziki ostalaritzan eta merkataritzan. Hasita gaude gai hori lantzen, sektorearen laguntzarekin. Gure herria nortasun handikoa da, eta euskara da nortasun horren marka garrantzitsuena. Batzuei iruditzen zaie, herrira bisitariak erakartzeko, ez dela komeni euskarari lehentasuna ematea, eta hobe dela, esaterako, menuak, kartelak eta abar gaztelaniaz edo ingelesez jartzea. Gaia aztertu dutenek, ordea, frogatuta daukate gurera datozen bisitariek asko estimatzen dutela Oriora etorri eta euskararekin topo egitea, herri euskaldun batean daudela sentitzea. Euskara, gure nortasun-marka izateaz gain, etorkizuneko apustu estrategiko bat da Oriorentzat: euskara sendotuz, herria sendotzen dugu, sustraitu egiten dugu. Eta, era horretara, aldi berean, erakargarriago bihurtzen gara besteen begietara.

Euskaraldiaz gain, zein da Udalarentzat momentu honetan erronka nagusia euskarari dagokionez?
Bi esparru nagusitan egiten du lan Udalak euskarari dagokionez: barrura begira, lortu behar dugu Orioko udal-administrazioak normaltasunez euskaraz egitea erabat, eta bitartekoak jarri oraindik euskaraz ez dakiten herritarrak ez albora uzteko. Asko aurreratu dugu bide horretan, baina oraindik badugu zer hobetu. Kanpora begira, berriz, lortu behar dugu Orion euskara izatea herritarren integraziorako hizkuntza, elkarlotzen gaituena. Orion 30etik gora hizkuntza hitz egiten dira gaur egun. Egoera konplexua da, eta hala izango da gero ere. Erronka da lortzea euskara izan dadin herritar-multzo plural hori kohesionatuko duen hizkuntza; bakoitzak, jakina, bereari uko egin gabe eta, gainera, Orioko hizkuntza guztiak balioan jarriz. Ez da erraza, baina hori da bidea.

Ildo horretan, Orioko Udalak hamar urtetik gora daramatza ikasle etorri berrientzat euskarazko errefortzu-eskolak antolatzen udan. Aurten, gainera, inoiz baino ikasle gehiagok parte hartu du…
Bai, aurten 45 ikasle inguruk baliatu ditu udako errefortzu-eskolak. Indartu egin genituen, ikusita etxeratzeak zer eragin izan zuen etxean euskal girorik ez zuten ikasleen euskara mailan. Bi ikastetxeek, ikasleek eta gurasoek asko baloratzen duten zerbitzua da. Aurten ikasturtean zehar ere eskaini nahi ditugu errefortzu-eskola horiek, ikastetxeek horren premia dagoela esaten digute-eta. Lehen esan dudan bezala, euskara kohesio-hizkuntza izatea nahi badugu, baliabideak jarri behar ditugu euskal girotik urrutien daudenak hurreratzeko: errefortzu-eskolak, euskaltegia, Mintzalagun programa…

 

Txapa jaso eta banatu

Prest daude txapak! Prest, azaroaren 20tik aurrera soinean jartzeko. Prest, euskarara batzen gaituen milaka istorioren aterki izateko. Prest, bigarren Euskaraldiari ekiteko.
Konturatzerako, pasa da urtebete lanean hasi eta Euskaraldiko herri-batzordeak martxan jarri genituenetik. Urte osorako muskulua. 12 hilabete, txostenak irakurri, bideoak ikusi, kartelak pegatu, bisitak egin eta beste horrenbeste lan egin dutenak bildu genituenetik. Hauek bai meritua!
Urtean zehar, bakoitzak ahal izan duen neurrian, gure ondoan egon diren horiei eskerrak eman nahi dizkiet. Herri-batzordeetan ibili zareten horiei. Dinamizatzaileon «txapak» jasan dituzuen guztioi. 
Nahikoa txapa jaso duzuelako aurtengoan: edizioaren berrikuntzak, momentu bakoitzeko egoerara egokitzeko neurriak… Helburuak ere moldatu behar izan dira; hala ere, ez dira makalak izan. Txapen eragiteko eremua handitu nahi baita: indibidualetik kolektibora. Lan-mundua euskalduntzeko beste pauso bat. Euskara praktikoagoa izateko bidean, eskualdean ehunka arigune sortuz, euskaldunoi lanean euskaraz jarduteko aukera areagotuz. 
Boluntario-lanetan ibili direnetara itzuliz… eskerrik asko! Inoiz ez baita erraza izan, lana eta zaintza lanez gain, besteentzako zein borrokarako denbora eta nahia edukitzea. Eta egoera honetan, are eta gutxiago. Dena geratu den honetan, ezin dugula dena bertan behera utzi erakutsi diguzuelako. Euskara krisi honetan ere erdira gerturatzen saiatu zaretelako. Txapa jaso, “txapa” emateko ahaldundu, eta ehunka txapa banatzen ari zaretelako.  
Bizi, gozatu eta borrokatu behar dugu eta bide horri eutsi diozue. Ezarritako mugak kontuan eduki, hartu beharreko neurriak hartu eta arduraz jokatu duzuelako. Sozializatzeko espazioak urriak diren honetan, euskara pixka bat gehiago erabiltzeko aukera zabaldu duzuelako. 
Ariketa jarri da martxan, herritarrak pixkanaka ari dira erantzuten. Ea agintariek bide bera jarraitzen duten, kolektibotasunetik herria hazi eta sendotzen. Euskaraldiak batuko gaituelako! Euskaraz ez bada, ez garelako irtengo herri gisa krisi honetatik. A! Eta ezin ahaztu txapatu dizkiguten tabernak, askok euskararekiko konpromisoa hartuak. Ez gara zuetaz ahazten. Mila esker euskararekiko duzuen konpromisoagatik!

Egoitz Dorronsoro

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!