Aurten ez da San Nikolas festarik izango, baina San Nikolas eguneko bertso-saioarekin aurrera egitea erabaki dute Orioko Udalak eta Errikotxia Orioko Bertsozaleen kultur elkarteak. Izan ere, bi hamarkada beteko ditu ekitaldiak, eta San Nikolas Eguneko hitzordu garrantzitsua da oriotar askorentzat; normalean afal ostean egin izan bada ere, aurtengoan eguerdira pasa dute, COVID-19 sortutako egoera dela eta. Ordu eta erdi ingurukoa izango da saioa, eta honako bertsolariek parte hartuko dute: Andoni Egaña; Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Jone Uria eta Aner Peritz, Xabier Euzkitzeren semea. Unai Manterola izango da gai jartzailea.

Segurtasun arau guztiak beteko dituzte bertso saioan; horregatik, 240 lagunentzat tokia izango da. Hala, dagoeneko gonbitak eskuragarri daude kultur etxean, eta pertsona bakoitzak gehienez bi gonbita hartu ditzake.