Euskaraldia 2020

"Nahi dut jendeak jakitea nirekin euskaraz hitz egin dezakeela"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko aza. 20a, 12:47
Maria Jesus Mena. (Aiora Larrañaga)

Gaur hasi da Euskaraldia, eta ahobizi rola aukeratu du Maria Jesus Mena Loitik (Donostia, 1956) datozen egunetarako. Heldutan hasi zen euskara ikasten donostiarra, eta gaur egun, ahal duen guztietan euskaraz hitz egiten duela aitortu du.

Zer dela eta erabaki duzu Euskaraldian parte hartzea?
Euskara ikasten ari naiz eta euskaraz bizi nahi dut. Uste dut lortu dudala euskara nire bizitzan integratzea, eta besteei ere horretan lagundu nahi diet. Horregatik, nire esku dagoena egingo dut euskararen erabilera sustatzen laguntzeko; aurreko edizioan ere eman nuen izena.

Zein da zure harremana euskararekin?
Nire aitona-amon guztiak eta nire ama euskaldunak ziren, baina nire aita donostiarra zen eta han gutxiago hitz egiten zenez, ez zekien euskaraz. Nire ama, berriz, Antzuolakoa zen jaiotzez eta Donostiara ezkondu zen; bere euskara hiriburukoarengandik desberdina zenez, okerragoa zela pentsatzen zuen, eta merkatuan biltzen ziren baserritarrekin bakarrik hitz egiten zuen euskaraz, erosketak egiterakoan. Nire Donostiako aitona-amonek euskaraz bazekiten arren, haiekin ez zen euskaraz jarduten; horregatik, txikitan etxean bi hizkuntzetan hitz egiten genuen. Moja eskolan hasi ginenean, ordea, gaztelaniaz aritzeko joera hartu genuen, eta euskara galdu nuen; ulertzen nuen, baina ez nuen hitz egiten.

Noiz eman zenuen euskara berreskuratzeko urratsa?
Helduan nintzenean erabaki nuen euskara ikastea. Dena dela, heldutan ikastea ez da erraza izaten, lanak eta familiak horretarako denbora tarte txikia uzten duelako. 1989an izena eman nuen lehen aldiz euskaltegian, eta euskara ikasten aritu naiz tarteka; izan ere, batzuetan lanagatik ezin izan dut euskaltegira joan, eta beste ikasturte batzuetan, berriz, ez da sortu nire mailako talderik. Dena dela, seme-alabekin euskaraz hitz egiten saiatu izan naiz beti. Orain oso gustura nago, erretiratuta nagoenez, euskara ikasteko denbora badudalako, eta Orioko euskaltegira joaten naiz. Gaur egun, euskaraz hitz egiteko gai naiz, baina gramatika hobetzea eta euskaraz idazten ikastea dira nire helburuak.

Ingurukoekin euskaraz hitz egiteko ohitura al duzu?
Bai, dakienarekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz.

Zer helburu jarri diozu zeure buruari Euskaraldian?
Alde batetik, nahi dut jendeak jakitea nirekin euskaraz hitz egin dezakeela. Bestetik, senarra euskaraz hitz egitera ere animatu nahi dut. Berak belarriprest rola hartu du Euskaraldian; ulertzen du, baina asko kostatzen zaio euskaraz jarduteko urratsa ematea. Hala, saiatuko naiz egun hauetan nire senarrarekin euskaraz hitz egiten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!