Euskaraldia 2020

"Txikitan euskara jaso ez banuen ere, nirea sentitzen dut hizkuntza"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 20a, 14:47

Euskaraldian parte hartuko du Maria Merideñok (Hernani, 1962) datozen egunetan, eta Belarriprest rolean arituko da. Hala, euskaldunek berarekin euskaraz hitz egitea lortu nahi du ariketa sozialean.

Zer dela eta erabaki duzu Euskaraldian parte hartzea?
Euskarari bultzada emateko ekimen polita dela iruditzen zait, eta euskaraz dakidan gutxiarekin nire ekarpentxoa egin nahi dut. Nahi dut jendeak jakitea nik ere euskara badakidala, eta esaldiren bat oker esaten badut, ulertuko dute hitz egiteko ahalegina egiten ari naizela. Izan ere, txikitan euskara jaso ez banuen ere, nirea sentitzen dut hizkuntza.

Zein da zure harremana euskararekin?
Nire gurasoak Extremadurakoak [Espainia] dira eta hogei urte zituztenean etorri ziren Hernanira bizitzera. Etxean gaztelaniaz hitz egiten genuen, baina Hernani herri euskalduna izan da beti, eta haurra nintzenean euskara-eskola klandestinoetara joaten nintzen. Andereño izateko ikasten ari ziren bizilagun gazte batzuk eskaintzen zituzten auzoan. Nire kabuz joaten nintzen, ez gurasoek bidaltzen zidatelako, nik nahi nuelako baizik. Kantuak eta jolasak erakusten zizkiguten euskaraz eta oso oroitzapen onak ditut.

Heldutan, berriz, dendan lan egiten nuen, eta beti saiatzen nintzen ahal nuen heinean euskaraz erantzuten, euskaraz hitz egiten zidatenean. Seme-alabekin ere euskaraz aritzen nintzen txikiak zirenean, baina hitz egiteari utzi nion zertxobait hazi zirenean, nire euskaraz barre egiten zutelako. Esaten zidaten: "Amak hitz egiten du euskaraz indioak bezala". Esaldi horrek markatu egin ninduen, baina ez nuen etsi. Euskaltegira joan izan naiz; askotan utzi behar izan ditut euskara eskolak, baina berriz heldu diet egoerak horretarako aukera eman didanean.

Euskaltegian zer lortu nahi duzu?
Oso gustura joaten naiz Orioko Euskaltegira. Hasiera batean, nire helburua ez da euskarako titulua eskuratzea, euskaraz hitz egiteko gai izatea baizik. Nire euskara maila hobetu nahi dut, eta garrantzi handia ematen diot ingurukoekin harremana izateari. Izan ere, etxean euskara ikasten jartzen naizenean ez dut batere aurreratzen; aspaldi utzi nituen ikasketak, eta asko kostatzen zait euskaraz idatzita dagoena ulertzea; aurrez aurreko komunikazioan askoz trebeagoa naiz.

Inguruan euskaraz hitz egiteko aukerarik ba al duzu?
Ez gehiegi, nire lagunartea erdalduna baita nagusiki; batzuk euskaraz badakite, baina gaztelaniaz hitz egiteko joera dugu, ezertxo ere ulertzen ez dutenak badaudelako taldean. Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzea gustatuko litzaidake; agian, Belarriprest rola hartu dudala ikusten dutenean, euskaldunak animatuko dira nirekin euskaraz egitera.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!