Indarkeria matxistaren (h)egiak aztergai Arraunetxen

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 21a, 11:11

Ordu aldaketak tarteko, 09:00etan ekin diote Indarkeria matxistaren (h)egiak jardunaldiari Orioko Arraunetxen. Azaroaren 25aren atarian, besteak beste, "komunikabideak eta diskurtso juridikoak", "ziberindarkeria matxista" nahiz "haurtzaroko sexu-abusuak" izango dituzte hizpide gaurkoan.

Samara Velte kazetariak ireki du Orioko Ahalduntze Eskolak gaurko prestatutako egitaraua. "Indarkeria matxistaren irudikapenaren inguruan" jardun du zarauztarrak, prozesu horretan "komunikabideek eta diskurtso juridikoek" betetzen duten funtzioa aztertuz. Horretarako, 2016ean Iruñean jazo zen talde bortxaketa bat hartu du adibidetzat: sanferminetan emakume bat eraso zuten bost gizonek, eta erasotzaileen aurkako sententziak jasotako edukiak nahiz hedabideek argitaratutakoak izan ditu hizpide.

Jarraian izango dira gainontzeko bi saioak: Ziberindarkeria matxistak eta erresistentziak sarean hitzaldia Esti Linaresen eskutik, eta Palabras Dislocadas. Conversación sobre abusos sexuales en la infancia, Susana Minguellekin. Izatez, arratsaldean egitekoa zen Minguellen hitzaldia, baina COVID-19a dela eta, saio guztiak jarraian egitea erabaki dute antolatzaileek. Hala, 14:30ean amaituko da gaurko jardunaldia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!