Euskaraldia 2020

Hamar urtean euskalduntzeaz, 'ahobizi' rola hartzeaz, eta erronka gehiago izateaz

Karkara 2020ko aza. 30a, 10:16

Urte gutxian bere egin du euskara Arantxa Ibar Errusta tabernako jabeak, eta horretan lagundu diote bikoteak eta Orio bezalako herri euskaldun batean tabernan lan egiteak. "Taberna hartu nuenean, orain lau urte, bezeroekin soltatzen hasi nintzen, lotsa alde batera utzita". Hurrengo erronka euskarako titulua lortzea du.

Sevillan jaio zen Arantxa Ibar Atxega. Euskaldunak ditu gurasoak, ama aiarra, Santio Errekakoa eta aita zestoarra, Ibañarrietakoa, baina umetan ez zuen euskaraz ikasi, “gurasoek beraien artean bakarrik erabiltzen baitzuten, soilik zerbait guk ez ulertzea nahi zutenean, kar-kar-kar!”.

Oporretan ia urtero etortzen zen Euskal Herrira, eta zehazki, Oriora, familia bisitatzera. Hala ere, familiakoek gaztelaniaz oso ondo egiten zuten eta, beraz, ez zuen ikasi beharrik eduki. Euskarara beranduago gerturatu zen. 13-14 urterekin etorri zen Oriora, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailak ikastera. Lehen ikasturte haiek A ereduan egin zituen, “dena gaztelaniaz, euskarazko ikasgaia bakarrik nuen. Zerbait ikasi nuen arren, berriro Sevillara itzuli nintzen, eta guztia ahaztu zitzaidan”, azaldu du.

Bizitzak berriz ekarri zuen Oriora, 20 urterekin. Oraingoan bertan gelditzeko. Aurrena Donostiako taberna batean hasi zen lanean, eta han ez zuen euskara jakiteko beharrik sentitu; “hango bezeroek ez zuten euskara gehiegi erabiltzen”. Denbora batera, ordea, Orion hasi zen lanean, “eta orduan bai, ikusi nuen beharrezkoa nuela. Tabernara etortzen zen pertsona asko helduak ziren, eta haiek euskara erabiltzen zuten, eta euskara jakitea ezinbestekotzat hartzen hasi nintzen”.

Euskaraz bizitzen hasteko lehen pausoak izan ziren horiek. Edarien izenak ikasten hasi zen, eta kuadrillakoekin ere euskara lehenesten. Haiek euskaraz hitz egiten hasi zitzaizkien, eta berak, gaztelaniaz erantzun arren, ulermena lantzeari ekin zion. “Horrela, poliki-poliki, dena ulertzen hasi nintzen. Duela lau urte Errusta taberna hartu nuen, eta bezeroekin gehiago soltatzen hasi nintzen, euskaraz hitz egiteko lotsa alde batera utzita”.

Oriotarrentzat esker hitzak ditu, berak akatsak egin arren euskaraz hitz egitean, sentitu baitu beti berari laguntzeko prest zeudela herritarrak: “Inoiz ez didate barrerik egin; aldiz, kontrakoa jaso dut, zuzendu egin naute oso jarrera onarekin. Oso ulerkorrak izan dira. Horregatik, lasai hitz egin dut beti jendearekin”. Gainera, bikotekide euskalduna aurkitu zuen, eta hala, erabat murgildu da euskararen itsasoan. “Nik euskaraz nuen maila antzekoa zeukan nire mutil lagunak gaztelaniaz, kar-kar-kar. Hala, nik euskara praktikatu dut berekin, eta berak erdara nirekin”.

Euskararako jauzia berandu egin badu ere, zeharo blaitu da hizkuntza berriarekin. Bere iritziz, izan ere, leku berri batetara joatean gakoa da toki horretako ohiturez eta hizkuntzaz janztea. “Londresera, New Yorkera edo Parisera joanez gero, bertako hizkuntza ikasten hasteko joera dugu. Bada, Euskal Herrira etorriz gero, euskara ikastea oso garrantzitsua dela uste dut. Euskararekin edozein lekutara joan naiteke, eta pertsona guztiekin hitz egiteko aukera ematen dit”. Gainera, garbi du zer duen gustukoen: “Bidaiatzera joanez gero, euskaraz hitz egin eta inork ez ulertzea asko gustatzen zaidan gauza da”, dio barrez.

Hitz egitetik, tituluaren bila


Hitz egitearekin bakarrik, ordea, ez da konformatzen, eta euskaltegian hasi nahi du idatzizko gaitasuna hobetzeko asmoz. “Tabernako kontuak idatzi behar izaten ditut, eta, horrez gain, EGA ziurtagiria gainditzea gustatuko litzaidake, egunen batean. Inguru honetan bizi naizenez, garrantzitsua dela deritzot EGA hizkuntza eskakizuna edukitzea, lana aurkitzeko, adibidez. Nire kasuan, Sevillakoa naizela ikusiz gero Curriculumeam, dudatan jar dezakete euskaraz dakidan edo ez. Aldiz, EGA dudala jartzen badut, zalantza hori argitzen diet”.

Jakin badaki ez diola helburu erraza jarri bere buruari; hitz egiterakoan soltura duen arren, oriotarrez mintzatzen da, eta euskara batura egokitzen lanak izango dituela uste du. Orioko eta Aiako lagunak ditu, eta horrek eragin handia izan du bere euskaran: “Beldur apur bat ematen dit horrek. Hala ere, saiatu egingo naiz”, adierazi du. Sekretua non dagoen galdetuta, garbi du erantzuna: “Zeure buruarekin borrokatu behar duzu. Hizkuntza bat beharrezkoa dela ikusita, asko saiatu behar zara. Nik badakit euskara ikasten Sevillan hasiko banintz, ez nukeela ikasiko hemen ikasi dudan moduan. Ingurua euskalduna dut hemen, eta euskaraz entzuten, irakurtzen eta hitz egiten dut. Hamar urteren ondoren, norbaitek galdetuko balit lehen hitza euskaraz edo gaztelaniaz egiten dudan, euskaraz izango zela erantzungo nuke”. Horrenbeste borrokatu edo saiatu da, non bere ama, zeinak euskara ia galdua zuen, euskaraz hitz egiten hasi baita.

Zer diren bizitzaren gorabeherak: “13 urterekin esan izan balidate Sevillatik Oriora etorri behar nuela bizitzera, barre egingo nukeen. Orain, Oriotik Sevillara joan beharko banu, berdin”. Penintsulako beste muturrean jaio bazen ere, Euskal Herrian bizi behar zuen pertsona da Ibar. Bere lekua eta hizkuntza aurkitu ditu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!