Jon Azkue, Egiptoko munduko txapelketa jokatzeko aurreselekzioan

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 2a, 08:36
Jon Azkue eta Kauldi Odriozola eskualdeko jokalariak deitu ditu hautatzaileak.

Egipton jokatuko da 2021eko Munduko eskubaloi txapelketa, urtarrilaren 13tik 31ra bitartean. Espainiakoa selekzioko hautatzaileak lehen zerrenda bat egin du, eta bertan da Jon Azkue Bidasoako jokalari oriotarra.

Hilabete eta erdi barru hasiko da 2021eko Munduko eskubaloi txapelketa, Egipton. Urtarrilaren 13tik 31ra bitartean jokatuko da txapelketa hau, eta parte hartuko duten selekzioak hasi dira prestaketa lanetan. 

Espainiako selekzioko hautatzaile Jordi Riberak 35 jokalariz osatutako lehen zerrenda bat osatu du, eta horien artean da Irungo Bidasoa taldeko jokalari Jon Azkue oriotarra. Aurrez ere aritu da Azkue Espainiako selekzioarekin. Horren adibide da orain urtebete Polonian jokatu zuen Lau Nazio txapelketa.

Eskualdeko beste jokalari bat ere sartu du Riberak lehen zerrenda honetan: Kauldi Odriozola zumaiarra, hain zuzen ere. Bidasoako jokalaria da hau ere. 

35 jokalari horietatik hogeiko taldea osatu beharko du Riberak. Mundial honek duen berrikuntzetako bat da hau: normalean hamasei jokalariz osatzen dira selekzioak, baina pandemia dela eta hogeira igo du Federazioak txapelketara eraman daitekeen jokalari kopurua.

Espainiako selekzioa B multzoan ariko da Egipton, eta Tunisia, Brasil eta Polonia izango ditu aurkari. Urtarrilaren 15ean Brasilen aurka ariko da, 17an Polonia izango du aurkari, eta lehen faseko azken partidan, hilaren 19an, Tunisiaren aurka ariko da. Lehen fase honetako helburua lehen hiruen artean sailkatzea da, horren main rounda jokatzeko txartela ematen duelako. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!