Iñaki Iturain eta Ainhoa Mujika izan dira garaile aurtengo Euskaraz Gazte literatur lehiaketan

Karkara 2020ko abe. 4a, 09:30

Atzo, Euskararen Egunean, Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak banatu zituzten Orioko kultur etxean. Epaimahaiko kideak, "pozik" agertu dira lehiaketara aurkeztutako lanen kopuru eta kalitateagatik. Azaldu dutenez, aurekztu diren lanetan, "denetarik" egon da aurten. "Istorio gozoak, garratzak, umorezko kontakizunak bertsotan nahiz prosan, historian atzera eramaten gaituztenak". Nabarmendu dute, gainera, jende gazte berria inguratu dela aurten lehiaketara, "gehienak emakumeak".

Gaurko sari banaketa literarioa Musika Eskolako lau lagunen doinuek apaindu dute. Emanaldi hasieran eta amaieran pare bat pieza eskaintzeaz gain, sarituen bertsoak zein olerki errezitaldiak musikatu baitituzte.

Lehiaketara aurkeztutako lanak banan-banan aztertu zituen epaimahaiak, azaroaren 27an Orioko kultur etxea egin zuten bilkuran. Iritziak trukatu eta eztabaidatu ondoren, ohi bezala hiru lan onenak dira sarituak ipuinen atalean zein bertso edo olerkien atalean. Bestetik, baina, bi accesit banatu ditu atal bakoitzean.

Ipuinen atala

Beraz, 2020ko Euskaraz Gazte literatur sarietako irabazleak honakoak dira. Ipuinen atalean, lehenengo saria, Iñaki Iturainen Gau giroan lanak irabazi du. Epaimahaiaren esanetan, "egileak ondo harilkatzen ditu lehengo eta oraingo garaiak kontakizunean eta bikain idatzita dago".

Bigarren saria berriz Trena eta tratua lanak eraman du, Libana Taboadak idatzia. "XX.mendearen lehen erdiko Oriora eramaten gaitu, eta han Balbina Txiki rekadistaren ibilera eta joan-etorriak kontatzen dizkigu prosa dotorean", aipatu du epaimahaiak.

Hirugarren saria, Garazi Urretabizkaiarentzat izan da,  "ederki idatzi eta egituratuta dagoen" On eta in lanean erakutsi duen "kontakizunerako abileziagatik".

Accesitak ere banatu dituzte aurten, Ane Etxabe eta Nadhet Arrutik eskuratu dute saria. Lehenengoak Zure amona garaira egokitzeko gida lanagatik, " umorez kontatua dago, ederki, eta estimatzen diogu egileari prosaren bizitasuna eta ausardia". Eta bigarrenak, Gogoetak kontaketagatik "poliki idatzita dago eta ezagun du egileak trebatuta dagoela idazkuntzan, gure lehiaketan parte hartzen duen lehen aldia bada ere", azpimarratu du epaimahaiak.

Olerki edo bertsoen atala

Aurten bertso-sorta izan da garaile alor honetan, Parentesia, hain zuzen, Ainhoa Mujikak idatzia. "Egileak aurrenenko aldia du lehiaketan parte hartzen, baina ezagun da ez dela berria bertsolari ofizioan, ondo egokitutako bertso-sorta polita osatu du-eta.

Bigarren saria ere bertso-sorta batentzat izan da, Garazi Urretabizkaiaren Neguan bero lana, konfinamenduak behartutako harreman eskasiaren esperientzia pertsonala "grazia handiz" kontatu duela azpimarratu dute.

Hirugarren saria, Eskerrik asko, DO RE NI bertso-sortarentzat izan da, Rosi Lazkanok idatzia. Esperientzia betegarria izan du eta eskerrak eman nahi izan dizkie antolatzaileei "ondo taxututako bertso hauen bidez".

Olerki eta bertsoen atalean ere banatu dituzte bi accesit. Esther Arruti eta Goiuri Unanuerentzat izan dira. Lehenengoari Normaltasuna, askatasuna eta geldialdia lanagatik, "lehiaketan lehenengo aldiz parte hartzen duen egileak ondorioztatzen du pandemiak eragindako geldialdi honek gauza onak ere ekarri dizkigula". Beste accesita berriz Berandu lanak eskuratu du "Egilea ilunabarrari begira dago, eta apenas ohartzen da ilargia ere hor dagoela... sorginduta, beranduegi ikusten ditugu benetan inporta zaizkigun gauzak".

Orioko Udaleko ordezkariak, epaimahaiko kideak zein sarituak elkartu ziren atzoko ekitaldian. Aurten, Eli Manterolak (KARKARAren izenean), Eli Lasa Aiako Udaleko Kultur teknikariak eta Jabier Zabaleta Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak osatu dute epaimahaia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!