Boluntario lanaren garrantzia nabarmendu dute banderen bedeinkapen ekitaldian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 8a, 14:42

Arantxa Segurola izan da aurtengo amandrea, Luisja Amenabar zenaren alarguna. Amenabar urtetan ibili zen elkartean boluntario lanetan, eta hark egindako lana aitortu eta eskertu nahi izan du zuzendaritzak.

San Nikolas jaietan urtean zehar irabazitako banderak eta garaikurrak bedeinkatzeko ohitura du Orio Arraunketa Elkarteak. Aurtengo denboraldia arraroa eta oztopoz betetakoa izan bada ere, ez dute hitzordua bertan behera utzi nahi izan, eta banderen bedeinkapen ekitaldia egin dute gaur eguerdian, Orioko San Nikolas parrokian, koronabirusaren aurkako babes neurri guztiak beteta.

Arantxa Segurola izan da aurtengo amandrea, Luisja Amenabar zenaren alarguna. Amenabar urtetan ibili zen elkartean boluntario lanetan, eta hark egindako lana aitortu eta eskertu nahi izan du zuzendaritzak. Hala, boluntario lanaren garrantzia azpimarratu dute ekitaldian hitza hartu dutenek. Unai Manterola apaizak, esaterako, Luisja Amenabarrek eta haren familiak "boluntariotza eta leialtasuna" irudikatzen dituztela nabarmendu du. "Kontxako bandera irabazten da lan isilarekin, bandera hau irabazteko beste asko galdu behar izaten dira eta. Irabazi arte lan egin behar da, eta zuek asmatu duzue horretan; batzuek urte askotan arraunean eginez. Arraun klubeko banderak zuek zarete, hemen daudenak baino garrantzitsuagoak", azaldu du.

Nadeth Agirre emakumezkoen taldeko patroiak aurtengo denboraldia "ezberdina, baina berezia" izan dela azpimarratu du: ezberdina, COVID-19ak sortu duen egoeragatik, eta berezia, oztopoak-oztopo estropadak jokatzea eta banderak irabaztea lortu dutelako, bereziki Kontxakoa. "Dena dela, egun hau aprobetxatu nahi dugu ezkutuko lana aitortzeko, eta ziur nago Amenabarrek gustura ikusiko gaituela gaur hemen. Berarentzat da aitortza".

Xanti Zabaleta entrenatzaileak, bestalde, emakumezkoen arraun taldeak denboraldian zehar egindako ahalegina aitortu nahi izan du banderen bedeinkapenean. "Hemen dauden banderak oso ondo daude, baina horien atzean badaude garrantzitsuak diren hainbat balio: esfortzua, konpromisoa eta talde lana. Horiek esatea erraza da, baina praktikan jartzea ez horrenbeste, batik bat aurten. Horregatik, neskek egin duten lana azpimarratu nahi dut. Konfinamenduan bakardadean entrenatzen aritu ziren, elkar animatzen, estropadak jokatzeko esperantzarekin. Hala, talde osoa zoriondu nahiko nuke egin duen lanagatik". Elkarteko zuzendaritzak egindako ahalegina eta Orioko Udala elkarteari ematen dion babes instituzionala ere azpimarratu ditu Zabaletak.

Josu Esnaola izan da hitza hartzen hurrengoa, eta ezkutuan egindako lana goraipatu du. "Zer izango litzateke Orio Arraunketa Elkartea Luisja Amenabar bezalako boluntariorik gabe. Urte zaila izan da aurtengoa, baina oztopoak gaindituta aurrera egiteko prest gaude lan talde osoa".

Anuska Esnal alkateak, berriz, garaipenak lortzeko eta banderak irabazteko bidean osagarri askok bat egin behar dutela azaldu du: kudeaketa ona, etxekoen babesa, boluntario sarea eta norberaren lana. "Dena dela, guzti horiek uztartuta ere, sarritan ez dira garaipenak lortzen, beste hainbat faktorek ere eragiten dutelako. Horregatik, garaipenetan oinarritutako arrakasta aitortzeaz harago, isilpean eraginez herriaren onura lortzen duen gizartean jarri behar genuke arreta, eta horren adibide da Luisja Amenabarren familia. Eskerrik asko!",  adierazi du.

Horrez gain, arraunak herriaren identitatean duen garrantzia ere azpimarratu du Esnalek. "Arrauna ez Kontxako bandera; arrauna ez da TKE. Arrauna Orion kultura da. Arraunetik gatoz eta arraunean goaz aurrera. Mendez mende iritsi da gugana, eta balioan jarri nahi dut hemen zaudeten guztiok egiten duzuen lana arraunaren haria eten ez dadin eta etorkizuneko oriotarrek ere arraunean jarraitu dezaten. Inor gutxietsi gabe, bereziki neskei eskerrak eman nahi nizkieke, aurrerantzean zuen izenak ikasiko dituztelako neska-mutilek, orain arte mutilenak ikusi dituzten bezala".

Ekitaldia bukatzeko, Balearen azken bertsoa abestu dute, agur modura, ekitaldian parte hartu dutenek, "Gora oriotarrak esan beldur gabe" ozen esanez.   

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!