Itziar Olasagasti, arrauna utzi berritan: "Bidea bera izan da politena"

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 12a, 16:06

"Garbi neukan arren, uste baino gehiago kostatu zait erabakiaren berri ematea, hori azaleratzea", aitortu du hemezortzi urtez Orioko traineruan arraun egin duen oriotarrak.  Taldekideei esatea egin zaio gogorrena, baina prest dago bizitza berrirako. Gainera, Gipuzkoako Arraun Federazioko zuzendaritzan sartu berri da, eta arraunari lotuta jarraituko du, "beste modu batera" izan arren.

Telefonoaren bestaldean alai, irribarretsu sumatzen da Itziar Olasagasti (Orio, 1989) arraunlaria. Hemezortzi urtez egin du arraun herriko traineruan: klubak aurreneko aldiz emakumezkoen trainerua atera zuenetik dabil bertan, eta bizi izan du behetik gora etortzea, azken denboraldietan emaitza bikainak lortzeraino. Ibilbide luze horretan behin baino gehiagotan pentsatu izan zuen arrauna uztea; ez iaz, ordea. "Behin irabaztea ondo dago, baina gehiago nahi nuen,  erakutsi, zerbaitegatik irabazi genuela eta ez zela kasualitatea izan", azaldu du. Aurten bai, zapore gozo-gozo horrekin, jarraitzeko beharrik ez du sentitu. "Behetik neska asko dator, taldea ondo dago, eta alde horretatik, lasai noa. Erabakia neurea izan da, eta ibilbidean, prozesuan, asko ikasi dudanaren sentsazioarekin eta prozesuaz asko gozatuta noa".

"Uste baino gehiago kosta" zaio hitzez adieraztea berez "erraz" hartu duen erabakia, baina taldekideek ulertu dutela esan du: "Badakite zenbat urte eman ditudan klubean, garai onetan eta txarretan egon naizela, eta errespetatu dute. Neurea izan da erabakia, neuk hartutakoa inork baldintzatu gabe, eta hori garrantzitsua eta pozgarria da niretzat". 31 urterekin, fisikoki zer moduz sentitzen den galdetuta, Olasagastik azaldu du sasoiko dagoela, fisikoki indartsu. "Azken hamar urteetan asko gogortu dira entrenamenduak eta zaintze kontuak, eta fisikoki indartsu gaude". Esan du erabakiak ez daukala zerikusirik alderdi fisikoarekin.

Arraunerako bizi izan da ia bi hamarkadaz, "bizitza osoa arraunaren arabera eduki dut antolatuta, bai lana, bai bizitza estiloa" , eta uste du horregatik kosta zaiola erabakia kanporatzea. Bestalde, ordea, argi zeukan beste gauza batzuk egin nahi zituela. Beste munduko ezer ez berez, baina Olasagastirentzat bai: "Asteburuetan bidaiatu egin nahi dut, kanpoan afaldu, surfa probatu dut eta denbora gehiago eskaini nahi diot horri...".

Gipuzkoako Arraun Federazioko zuzendaritzan azarotik

Orio Arraunketa Elkarteko trainerua utzi arren, kirol horri lotuta jarraituko du. Izan ere, azarotik Gipuzkoako Arraun Federazioko zuzendaritzan sartu da. Talde txikia da, bospasei kidekoa, eta hainbat erronka dituzte: berdintasun plana osatu nahi dute eta elkarteekin lan gehiago egin, adibidez.

Batel ligak, trainerilla ligak, modalitate guztietako txapelketak, eskola kirola, sare sozialak... Federazioak era askotako zereginak edukitzen ditu, eta konpromiso horri heldu dio orain Olasagastik. "Arraun munduan oso bestelako ikuspegi batetik jarraituko dut, baina gustatuko litzaidake neskekin eta klubarekin harremana mantentzea", esan du solasaldia amaitzeko.

Eskerrak aitzindariei

Eskerrak ere eman nahi izan ditu, batez ere "emakumezkoen aurreneko trainerua ateratzeko interesa agertu zutenei, bultzada eman zutenei eta boluntario agertu ginen guztioi. Hasierakoei eta bidelagun izan diren guztiei eman nahi dizkiet eskerrak", eta herritarrak ere gogoratu ditu:  "Herritarren babesa ere eskertzekoa izan da, hasieran hotz samarra zena, azken urteetan oso beroa bihurtu dena. Hori eskertzekoa da, eta uste dut Oriok lortu duela bai gizonezkoen, bai emakumezkoen arrauna berdin baloratzea, izan neska, izan mutil".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!