Ugaitz Mendizabal izango da OAEko lehen taldeko patroia

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 19a, 11:30

Gizonezkoen aurreneko taldeko bigarren patroia izan zen duela bi denboraldi. "Zaila da Oriori ezezkoa esatea, eta hemen naiz berriz ere", dio anoetarrak.

Denboraldi berriari begira jarri dira Orio Arraun Elkarteko taldeak. Gizonezkoen lehenengo taldeak entrenamendu saioa izan du gaur goizean, eta bertan izan da datorren denboraldian traineruko gidaritza hartuko duen patroi berria ere: Ugaitz Mendizabal (Anoeta, 1991).

Mendizabal izan zen aurreneko taldeko bigarren patroia 2019. urteko denboraldian, baina honakoa izango du laugarren urtea Orion, "saltsan". Jon Salsamendi entrenatzaileak deitu ziola azaldu du anoetarrak, "aurrerapauso handi bat" proposatzeko: Gorka Aranberri patroiak taldea utzita, "traineruaren gobernua" berak hartzea. "Ardura handia da aurten Orioko trainerua eramatea", dio: "Zaila da Oriori ezezkoa esatea, eta hemen naiz berriz ere".

"Gaur hasi gara aurrenengo entrenamenduarekin. Ea urte polita botatzen dugun, ona, eta gozatzen dugun guk nahiz Orioko arraunzale guztiek", adierazi du Mendizabalek. Gaurko saioan "sentsazio ona" nagusitu dela azpimarratu du: "Lagun handiak, onak eta asko ditut hemen, eta egia esan, etxekoa bezala sentitzen naiz hona etortzen naizen bakoitzean".

Tolosan jardun ostean, 2010. urtean aritu zen TKE ligan estreinakoz, Astilleroren elastikoa soinean. Orion hasi aurretik, San Pedron ere jardun zuen.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!