Protesta egin dute Orion ere, 'Bateragune auzia' errepikatzearen aurka

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 19a, 13:14

Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko mobilizatu dira gaur Euskal Herriko hamaika txokotan, tartean, Orion. Demokrazia lelo hartuta, 12:00etan izan da elkarretaratzea udaletxe aurrean.

Bateragune auzia errepikatzeko erabakia hartu berri du Espainiako Auzitegi Gorenak. Bigarren salako hamasei epaileek aho batez onartu dute berriz epaitzea Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Sonia Jacinto. Horretarako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua hartu dute oinarri, argudiatuta Bateragune auzia bezalakoak salbuetsita daudela epaiketa berriz egiteko debekutik. Gainera, Miguel Colmenero txostengileak eta Navia Osorio fiskalak bat egin dute ondoko irizpideari helduta: adierazi dute zenbait auzi epaitu gabe geratzea saihestu behar dela.

Duela hamar urte baino gehiago atxilotu zituzten bost auzipetuak, eta osorik bete zituzten Gorenak berretsitako espetxe zigorrak; denera, 31 urte.

Gorenaren erabakia argitara atera ostean, mobilizatzera dei egin zuten Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan, eta gaur izan dira protestak tokian toki. Zarautzen, esaterako, elkarretaratzea izan da udaletxe aurrean, 12:30ean hasita, Demokrazia lelopean.

Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, ELA, LAB, Steilas, ESK, Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Nafarroako Izquierda Unida, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare, Etxerat nahiz CCOO-Euskadik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!