Haurrak ari dira magiaz betetako eskutitzak ontziratzen Errege Magoentzat

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 4a, 15:32

Txurrumuski aisialdi taldeari esker, hiru egunez frontoian dagoen postontzi dotorera sartu ahal izango dituzte gutunak herriko txikienek, baita desioak idatzi edo marrazkiren bat egin ere hormako paneletan. Gaur bigarren eguna da, eta antolatzaileen esanetan, atzo baino jende gehiago dabil.

Hotzari aurre eginez, Txurrumuski aisialdi taldeko kideak frontoian ari dira eguna pasatzen, bai atzo, bai gaur, umeek magiaz betetako eskutitzak ontziratu ditzaten Erre Magoei bidaltzeko. Ilaran jarri, eskuak gelarekin garbitu, badaezpada telefono zenbakia utzi, eta gutuna bota ondoren, hormetan jarri dituzten panel koloretsuetan desioak idazten edo marrazkiak egiten aritu dira ume gehienak.  "Aurten Gabonetan ezin izan dugu bestelako ekintzarik eta irteerarik egin haurrekin, eta hau antolatuta, gure apurra jarri nahi izan dugu", azaldu dute Txurrumuskiko Olatz Lizasok eta Olatz Lukasek.

"Atzo oso sakabanatuta etorri ziren, eta gaur baino gutxiago", azaldu dute. 2-3 urtetik 9 urtera artekoak ari dira bertaratzen, gehienak gurasoekin edo aiton-amonekin. Ilusioz beteta egon arren, beldur apur bat ere sentitu du ume batek baino gehiagok. "Postontzia ikustean batzuk beldurtu egiten dira, sarreratik urruti ere badago, eta batzuek laguntza behar izaten dute eskutitza botatzeko. Bakarren batek negar ere egin du, baina orokorrean primeran doa dena".

Aisialdi taldeko guztiak ari dira parte hartzen frontoiko lanetan. Abendu hasieratik aritu dira dekorazioa prestatzen, eta orain, "uneoro bospasei taldekide gaude frontoian", esan dute. Hamabost direnez, ordu dezente ari dira sartzen, baina gogorrena hotzari aurre egitea dela esan dute. Errege Magoei salda beroa, galtzerdi potoloak nahiz beroki epel-epelak eskatzen ari dira taldekideak; irribarrea soinean dutela, hala ere.

Gutunak eta bideoak bihar

Gaur 19:00ak arte egongo da zabalik frontoia eskutitzak jasotzeko, eta bihar, 10:30etik 12:30era. Izan ere, bihar 13:00etan Bizar Zurik egingo du agerraldia. Pantailaz bestalde izango da, hori bai. Udalak dena prest du, izan ere, ordu horretan bere webgunean nahiz atari honetan, Bizar Zuriren bideoa eskaintzeko.

19:00etan, berriz, Errege Magoek egingo dute agerraldia, horiek ere aipatutako bi webguneetan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!