%30 igo da Karkara.eus-en bisita kopurua 2020an, eta 361.107 izan dira guztira

Julene Frantzesena 2021ko urt. 6a, 13:26

Orokorrean, goranzko joera izan dute Karkara.eus webguneko datuek 2020an, eta zifrak onak izan dira. Bisitariek webgunean egindako bataz besteko denbora tartea zertxobait jaitsi den arren, datu horrek oraindik nabarmentzekoa izaten jarraitzen du, beste webguneetako erreferentziak kontuan hartuz gero.

Ez da urte erraza izan atzean utzitako 2020a. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du Orio ere, eta horren lekuko izan da Karkara.eus ataria. Egoerak erabat baldintzatu du Karkararen jarduna ere, baina informazio jarioak ez du etenik izan urte osoan, eta tokiko informazioaren garrantzia agerian gelditu da beste behin. Horren erakusle dira 2020an Karkara.eus-ek izan dituen datuak.

Azken ia urtebetean koronabirusak hartu du informazio edukien erdigunea, eta birus horrek markatu du agenda ere. Dena den, bestelako eduki ugari sortu zuen Karkarak iaz, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan da. Hain zuzen ere, gora egin dute Karkara.eus-eko datu ia guztiek, hala nola bisitek, bisitatutako orrialde kopuruek, sortutako edukiek nahiz erabiltzaileen zenbatekoek.

2019an ere datu onak izan zituen Karkara.eus-ek, baina aise gainditu ditu zifra horiek 2020an: 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 514.149  bisita izan ditu webguneak, Google Analytics neurgailuaren arabera; 2019 guztian, berriz, 362.107 bisita. Horrek esan nahi duena da azken urtebetean %29,5 hazi dela bisiten kopurua. Herritarrek Karkaran zabaldutako orrien kopuruak ere gora egin du: 2019an 800.672 orri eta 1.039.252 orri 2020an. Erabiltzaileek, batez beste, egunean 03:24 minutu igaro zituzten webgunean iaz, eta 2019an, berriz, 03:45. Hortaz, jaitsi egin da zifra hori.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ere ez dira makalak. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2020an: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 9.239.730 bisita izan zituzten iaz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!