"Nazka, haserrea eta lotsa sentitu nituen Kapitolioko istiluak ikusitakoan"

IƱigo Gaiton 2021ko urt. 7a, 20:12

Trumpen jarraitzaileak oldartu egin ziren bart, eta AEBetako Kapitolioan sartzea lortu zuten istilu handiak eraginez. Joseba Brit Portlanden bizi da azken urtetan, eta atzoko gertaeren gaineko irakurketa egin du elkarrizketan, hango gizartea eta errealitatea bertatik bertara ezagutzeak ematen dion talaiatik.

Nola bizi izan zenuen atzoko gertaera? Beldurrik-edo sentitu al zenuen?
Beldurra baino gehiago, nazka, haserrea eta lotsa sentitu nituen. Iaz izan zen George Floyd-en hilketa, eta orain dela aste gutxi arte gauero izan dira Portlanden bertan Black Lives Matter-en protestak. Dakota tribuaren protestak ere pare bat urtez bizi izan ditugu. Horiek denek poliziaren indar astronomikoa jaso dute erantzun modura, presidentearen irainez gain. Trapu zikinak balira bezala tratatu dituzte.  Orain, ordea, demokraziaren eraikin sinboliko batean indarrez sartu diren zuriei ez zaie horrelako erantzunik eman. Bart poliziak ez du apenas indarrik erabili: oldartu direnei barrura sartzen utzi zieten, selfie-ak egin zituzten, eta presidentearen "We love you"-a jaso dute.
 
Nazio honek harrotasunez esaten du demokraziaren sinboloa dela, denak berdinak jaio garela, eta prentsak adierazpen askatasuna duela... Nire erantzuna: barrabilak! Hemen kapitalismoak agintzen du.
 
Atzoko istiluak kontra etorriko al zaizkio Trump presidenteari?
Puntu honetan, ez dut sistema honekiko inongo konfiantzarik. Azken lau urteetan esan eta egin dituen gauzekin ez zaio ezer pasa, behin baino gehiagotan pentsatu izan dugun arren "oraingoan bai, oraingoan izorratuko haute".
 
Egun gutxi geratzen dira Bidenek kargua hartzeko, eta itxaropen gutxi dut nere iritziz Trump-ek merezi duen etorkizuna izan dezan: kartzela.
 
Atzokoaren ostean, alderdi errepublikanoak erabat emango al dio bizkarra Trumpi?
Ez dut uste. Azken lau urteetan ezkerrekoa eta eskuinekoa izatea ez da hain garrantzitsua izan, nire iritziz, baizik eta oinarrizko printzipio eta baloreetan ados egotea. Ikusi dugunez, errepublikar askoren lehentasuna ez dira printzipio demokratikoak, boterea baizik.
 
Errepublikar batzuk oraintxe Trumpi bizkarra ematen hasi izanarekin hau ikusten dut: Trump badoa, eta alderdikoak etorkizuneko boterean pentsatzen hasi dira. Orain arte sinesteko zailak diren gauzak egin ditu, inongo ondoriorik gabe. Boterea nora doan usaindu eta hor doaz politiko gehienak, pilan. 
 
Kanpotik begiratuta, surrealista da Trumpek esan, egin eta eragin duen ia guztia. Barrutik ere hala ikusten al da?
Bai, baina hori guztia normalizatu egin dugu azken lau urteetan. Zoritxarrez, normaltzat jotzen dugu boterea duen pertsona batek horrelako inmunitatea izatea, eta emakumeei alutik heldu arren, beltzei matxinoak deitu arren edo zergak ordaindu ez arren zigorrik ez izatea. Ikaragarria da.
 
Trumpen politika egiteko modu bortitza tarteko, Estatu Batuetako gizartea inoiz baino polarizatuago dagoela esaten da. Indarkeria gehiago izango al da datozen aste eta hilabeteetan?
Zoritxarrez, baietz iruditzen zait.
 
Nola bizi izan zenituen udazkeneko hauteskundeak?
Nerbioak dantzan nituela! Gertuko lagun pare batekin etxean juntatu nintzen, maskarak jantzita
eta distantziak mantenduz, eta hauteskundeak jarraitzen ari ginela, Stephen King-en filme bat ikusten bezala sentitu ginen. Denbora tarte luzea behar izan zuten kontaketa egiteko, eta horrek ere ez zuen lagundu.
 
Eta hauteskunde ondorena nolakoa izan da? Itxura denez, jende askok benetan sinesten du Trumpek saltzen duen iruzurraren kontua...
Bai. Adierazpen esanguratsuak egin zituen Trumpek duela lau urte: errugabe bat tirokatu arren, jendeak berdin maitatuko lukeela esan zuen, eta, zoritxarrez, denborak arrazoia eman dio.
 
Nire ustez, hori guztia hemengo hezkuntza sistema pribatizatuaren ondorioa da. Jendeak ez du gaitasunik irakurri, gauzak ulertu eta iritzi propioa izateko. Notizia eta iritzi azkarren gizartea sortu dugu. Arazo larrien aurrean erantzun sinpleekin funtzionatzen duen jendartea bihurtzen ari gara.
 
Zer iritzi duzu Joe Bidenen gainean? Baikorra al zara datorrenari begira?
Trumpekin konparatuz gero, sekulakoa da Biden. Hala ere, ez zait iruditzen nazio hau ordezkatzeko hautagai onenak bi gizon zuri zahar direnik. Dena den, Bidenek printzipio eta balore demokratikoak errespetatzen ditu gutxienez. Bere agendarekin ados nago orokorrean, eta agintaldiko lau urteak bete aurretik erretiratzea erabakitzen badu, gustura hartuko dugu Kamala!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!