Irudietan: Herritarrek erantzun zabala eman diote Sarek egindako deialdiari

IƱigo Gaiton 2021ko urt. 9a, 15:48

Salbuespenezko espetxe politikarekin bukatzea eskatu du 200 herritar inguruk gaur arratsaldean. 'Etxerako, elkarbizitzarako, bakerako bidea gara' lelopean egin dute kale agerraldia, herrian barrena.

Gaur, larunbatarekin, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egin dira Hego Euskal Herriko hainbat herrietn eta hirietn, Sarek deituta. Deialdiak hainbat alderdi, sindikatu eta gizarte eragileren babesa izan du.

Orion, arratsaldeko bost eta erdietan eman zaio hasiera kale agerraldiari. 200 herritar inguru juntatu da plazan ordu horretan, eta handik, buelta egin dute herrian. Ibai Ondo aldera joan dira aurrena, eta handik, berriz herrian sartuta, Eusko Gudari kaletik barrena Bikamiotarainoko bidea egin dute. Han buelta hartu eta gero, Arrantzale kaletik Ikastola ondoko plazaraino iritsi dira, mobilizazioa bukatzeko. Bozgoragailuetatik manifestua entzun eta gero, mosaikoa irudikatu dute telefono mugikorretako argiekin.

Nabarmendu dutenez, euskal presoen "etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea" da deialdiari erantzun dioten herritarrek hautatu dutena. "Giza eskubideak oinarri" emandako "aurrerapausoak" izan dituzte ahotan, eta azpimarratu dute salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko beharra.

Bestalde, garrantzitsutzat jo dituzte "Frantzian eta Espainian azken urte eta hilabeteetan eman diren aldaketak". Izan ere, Frantziako Gobernuak baldintzapean aske utzi zuen Frederik Xitor Haranburu iragan azaroan, eta Espainiako Gobernua hainbat preso gerturatzen ari da azken hilabeteetan. "Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori finko bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badugulako zer ibili, baina badugulako ere ibiltzeko bidea. Gu gara horretarako bermea, gu gara bidea".

Sei eskari zehatz egin dituzte:

  1. Euskal presoen Euskal Herriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
  2. Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
  3. Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
  4. adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
  5. Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
  6. Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!