‘Brexit’-ak ez du eraginik izango Orioko arrantzaleengan

Iñigo Gaiton 2021ko urt. 14a, 10:00

Arrantza izan da ‘Brexit’-aren gaineko negoziazioetan punturik zailenetakoa. Bestalde, Europako Batasunak zehaztu ditu 2021eko kuotak, eta iazkoekin konparatuta, ez da aldaketa handiegirik izango.

Europako Batasuna eta Erresuma Batua luze aritu dira brexit-aren gaineko negoziazioetan, eta prozesu horretan, arrantza izan da adostasun batera iristeko zailtasun handiena sortu duen puntuetako bat; «zailena», Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen hitzetan. Brexit-aren aldeko kanpainan, arrantza tresna eta metafora modura erabili du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, Ingalaterraren subiranotasuna errekuperatzeko prozesu irudikatzeko. «Gure uren gaineko kontrola berreskuratu behar dugu», azaldu zuen agerraldi batean. 

Horri arrantzak Erresuma Batuaren ekonomian duen eragina gehitu behar zaio: Barne Produktu Gordinaren %0,12 da; 1.600 milioi euroko fakturazioa du, eta 24.000 lanposturi eragiten die. Horregatik guztiagatik, negoziazioen lehen lerroan egon da.

Negoziaketa luze eta zailen ondoren akordioa lortuta, Europako flotak britaniar uretan bost urte eta erdiz arrantza egiten jarraitzea adostu dute, eta gero berriro egin beharko dituzte negoziazioak. Horrek guztiak ez du eraginik izango Orioko arrantzontziengan. Izan ere, horiek baxurako arrantzan ibiltzen dira, eta ez dute Erresuma Batuko uretara jotzen arraina harrapatzera egitera. 

Hala ere, akordioa lortu izan ez balitz, edo etorkizunean hausten bada, ondorioak egon daitezke: Erresuma Batuak bere egingo luke arrantzontziak bere uretatik botatzeko eskumena, eta horietako askok, ehunka ontzik, Bizkaiko Golkora joko lukete, arrantzaleen arteko elkarbizitza eta espezien iraupena kolokan jarriz, besteak beste.

Iazko antzeko kuotak
Bestalde, Europar Batasuneko estatu kideetako arrantza ministroek 2020 amaiera aldera adostu zituzten 2021eko arrantza kuotak. Bi urtetako zifrak alderatuz gero, iazko kuotak eta aurtengo denboraldirako ezarri dituztenak antzekoak izango dira, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidentearen hitzetan.

Atunari dagokionez, milioi bat kilo gehiago harrapatzeko aukera izango dute arrantzaleek. Urrestiren iritziz, «askoz gehiago ere ez da, baina zerbait bai, behintzat». Presidentearen arabera, itsasoan hegaluzea badagoela ikusita, kuota apur bat handitzea eskatu zuten, arrantzaleentzat «gogorra» delako abuztu erdialderako edo bukaerarako kuota bukatu eta lehorrean geldirik egon beharra.

Antxoaren kasuan, kuota pixka bat handituko dute, espeziearen biomasa ondo dagoelako. Berdelarena eta txitxarroarena, berriz, zertxobait jaitsiko dituztela adierazi du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!