Orio itxita: Zer egin daiteke bihartik aurrera? Eta zer ez?

Izurritearen eremu gorrian sartu da Orio gaur, azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 554,57ra igo eta gero. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileak aplikatuko dira bihartik aurrera, asteartearekin.

Orioko Udalak galdera-erantzun sorta hau prestatu du, herritarren artean sortu daitezkeen zalantzak argitzeko helburuarekin.

Ba al du herritik ateratzeko aukera?

Ez, ez bada lanerako, medikuarenera joateko edo derrigorrezko beste eginkizun baterako (arau orokorraren salbuespenak urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan zehaztutakoak dira, ez besterik; eta behar bezala akreditatu beharko dira beti).

Ertzaintzak eta udaltzaingoak jendearen sartu-irtenak kontrolatuko dituzte.

Salbuespena akreditatzeko, Eusko Jaurlaritzak prestatutako bi agiri-eredu hauek baliatu daitezke.

Herritik kanpoko jendeak Oriora etortzerik badu?

Ez.

Ondoko herrira joaterik ba al dago?

Ez, ondoko herrira ere ez dago joaterik. Ez dago salbuespenik horretan.

Erosketak egitera ere ez?

Ez. Salbuespen bakarra da erosi behar den hori behar-beharrezkoa izatea eta herrian aukerarik ez izatea erosteko.

Tabernak eta jatetxeak ireki daitezke?

Ez, itxita egon behar dute, baina eman dezakete etxerako zerbitzua (22:00ak arte) edo janaria bertan jasotzeko zerbitzua (21:00ak arte). Janaria taberna edo jatetxean jasotzeko, aldez aurretik hartu behar da ordua.

Guztiz debekatuta dago kalean alkoholdun edariak kontsumitzea.

Kirola egin daiteke?

Bakarka bai, herritik atera gabe.

Taldean ez, salbuespen gutxi batzuk kenduta: talde profesional edo erdiprofesionalak, kiroldegiko ikastaro edo jarduera programatuak… Nolanahi ere, beti, sei laguneko taldeak izango dira gehienez.

Noiz arte aplikatuko dira neurriak?

Tasa berriro 500etik jaisten den arte. Jaurlaritzak astean bitan argitaratzen du zona gorrian dauden herrien zerrenda: astelehenetan eta ostegunetan. Neurri hauek indarrean egongo dira Orioko intzidentzia-tasa metatua 500etik gora dagoen bitartean. Ikusi hemen Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azkeneko zerrenda:

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!