Oriori kantari, barru-barrutik eta rock kutsuarekin

IƱigo Gaiton 2021ko urt. 27a, 11:45

Ibai Marinek Desde lo salvaje diskoa eman du argitara. Zortzi kantuz osatutako lan rockeroaren azken pieza da Ist-Orio: herriko iruditeria ardatz hartuta idatzi duen eskertza abestia.

Asko eman dio Oriok Ibai Marin musikariari, eta honek, nolabait, eskertu egin nahi izan dio herriari jaso duen guztia. Helburu horrekin idatzi zuen, disko berriaren sortze-prozesu betean murgilduta zegoela, Ist-Orio kantua, «umiltasun osoz» herriari egindako abestia. Lehengo astean plazaratutako Desde lo salvaje diskoan entzun daiteke.

«Bolada gogor baten ondoren nire bizitza hankaz gora zegoen, eta toki bat bilatu beharra nuen fase berri bati ekiteko. Urte batzuk pasatu dira Oriora etorri nintzenetik, eta liluratuta nauka. Biziberritu egin nau herriak, oreka eman dit, eta, nolabait, nire esker ona azaltzeko egin dut kantua», dio musikariak.

Herriarekiko sentitzen duen atxikimendu indartsu horrek, ordea, kantua idaztera bultzatzeaz gain zalantzak ere eragin zizkion. «Abestia erdi eginda nuela, beldurra sartu zitzaidan. Barru-barrutik atera zaidan pieza izanagatik, errespetu handia diot hemengo jendeari, ez nuen oportunista modura agertu nahi. Duda artean, Imanol Urkizuri bidali nion maketa, eta hark eman zidan argitaratzeko behar nuen bultzada», argitu du.

Orioren izaera osatzen duten elementuak bildu ditu Marinek ia lau minutu dituen kantu rockeroan, herriaren esentzia jaso nahian: «Orioko argazki zaharren liburu bati begira nengoela piztu zitzaidan txinparta, eta kantua herriaren tradizioa ardatz hartuta konposatzeari ekin nion».

Disko berria kalean

Marinek lehengo astean plazaratu zuen Desde lo salvaje diskoa. Hira taldeko abeslaria izateari utzi eta gero, ibilbide propioari ekin zion musikariak, eta Bidean naizen ondoren, bigarren lana du hau. «Aurreko diskoarekin alderatuz gero, soinuan dago aldaketarik handiena. Horretan saiatu gara behintzat. Esudioan sartzu aurretik, lan handia egin nuen etxean, kantu bakoitza non kokat nahi nuen erabakitzeko. Hala, gauzak nahiko argi nituela egin genituen grabaketak», dio AME estudioan pasatutako egunak gogora ekarriz.

Soinu elektrikoagoak bilatu dit oraingoan, rockeroagoak: «Disko hau bilaketa bat izan da niretzat. Rocka nire barruan noraino iristen den arakatzen saiat naiz, gaztetatik ditudan eraginetatik bilatzen, barrura begirko ikerketa bat egiten».

Abesti, ahots eta oihartzunen barne bidaia horri 2019. urtearen bukaeran aldera ekin zion, orduan hasi baitzuen disko berriaren sortze prozesua.«Ebakuntza baten ondorioz, etxean geldirik egon behar izan nuen bi hilabetez, eta diskoa idazteko baliatu nuen geldialdia. Diziplina handiarekin egin nuen lan etxean, eta goizean goizetik hasita aritzen nintzen konposatzen, zortzi orduz edo denbora tarte luzeagoan».

Hala, aste batzuen buruan sortu zituen disko berriko ia kantu guztiak. Zortzi dira denera, zazpi gaztelaniaz eta Oriori buruzkoa euskaraz: «Hira taldearekin egindako ibilbidea kontuan hartuz gero, bost disko ditut euskaraz eginda. Oraingoan, urratsak beste norabide batean egiteko tentazioa izan dut, eta ikusiko dugu zer gertatzen den», azaldu du.

Promozioa geldirik

Marinek finantzaketa kolektiborako prozesua abiatu zuen disko berria egin ahal izateko. Eskertuta agertu da proiektua diruz lagundu duten «konplize» guztiekin, helburutzat jarritako diru kopurura iristeko aukera izan zutelako.

Horri esker lortu du, besteak beste, grabaketetan Ivan Chapo Gonzalezen mailako musikariekin lan egiteko aukera izatea. «Ikaragarria izan da harekin grabatu ahal izatea. Maila goreneko baxujolea da, profesionala. Azken urteotan, M Clanek ematen dit kontzertuak. Internet bidez konektatuta egin genituen grabaketak, eta Madrildik bidali zizkigun baxuarekin jotako zatiak. Bultzada handia eman die abestiei», dio esker onez.

Disko berria eskuetan izanik, taldekideekin elkartu eta kontzertuak jotzen hasteko amorratzen dago Marin, baina ziurga- betasun handiarekin begiratzen die datozen asteei izurriteagatik: «Mimo handiarekin egin dut diskoa, txikikeria oro asko zainduz, eta oso gogorra egiten da geldirik egon beharra».

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!