Musuak eta besarkadak

Onintza Aiestaran 2021ko urt. 22a, 16:18

Onintza Aiestaranek argitara emandako iritzi artikulua, KARKARAren 424. zenbakiko 'Nire honetan' atalean.

Ez dizuet gezurrik esango, kokoteraino nago, nekatuta, ahituta. Distantzia sozialaren kontua uste baino neketsuagoa egiten ari zait. Zeinek esan behar zidan?

Ezagutzen nauzuenok badakizue ez naizela sentimenduak lau haizeetara adierazten dituen horietakoa, baina zer esatea nahi duzue, bada, musuak eta besarkadak faltan sumatzen ditut, behar ditut. Hori da agortzen ari den urte honetatik atera dudan ikasgaietako bat.

Batez ere, fisikoki urrun ditudanekin gogoratzen naiz: ahizparekin eta iloba txikiarekin. Itziar eta Kilian besarkatzeko eta musukatzeko premia dut. Behar hori fisikoa, psikologikoa eta emozionala da, eta botika argia eta merkea da. Inork ez daki noiz elkartuko garen, baina hori estutua hartu behar dutena! Presta daitezela datorkienerako, senide eta lagunak zain gaude eta!

Bizitzak baikor izaten erakutsi dit. Ezer ez da betiko eta hau guztia ere pasatuko da. Egunero esaten diot nire buruari gutxiago falta dela elkar besarkatzeko eta goxatzeko. Goiz da oraindik pandemiak gugan izango dituen ondorioak zehazteko, baina nik argi daukat gauza txikiez gehiago gozatuko dudala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!