Zigor Gazpio, Euskadiko Arraun Federazioaren lehendakaritzarako hautagaien artean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 28a, 15:00
Ibon Huegun eta Zigor Gazpio.

Bi hautagai aurkeztu dira Euskadiko Arraun Federazioko lehendakari izateko: Zigor Gazpio eta Iñaki de Ibero. Oriotarrak azaldu du azken unean erabaki zuela erronka horri eustea eta, orain, gogoz egingo duela "aurrera" kanpainan.

Joan den asteartean bukatu zen Euskadiko Arraun Federazioaren lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea. Bi kandidatura izan dira; batetik, Getxo Arriluze AKK-ko Iñaki de Ibero eta, bestetik, Orio Arraun Elkarteko Zigor Gazpio. Atzo jakinarazi zutenez, bi hautagaitzak onartu dituzte, hortaz, bien artean aukeratuko dute Euskadiko Arraun Federazioko lehendakari berria.

Gazpiok azaldu duenez, "arraun munduko hainbat lagunek" proposatu zioten hautagai aurkezteko, baina "ezezko borobila" eman zuen behin eta berriz. "Asteartean amaitzen zen epea, eta astelehen goizean ezezkoan nengoen oraindik. Astelehen arratsaldean zalantzak nituen eta, asteartean bertan, baiezkoa eman nuen".

Gaur itxiko dute hautagaitzei helegiteak jartzeko epea eta datorren astelehenean, otsailak 1, ekingo diote kanpainari. "Behin aurkeztuta, orain gogoz helduko diot kanpainari, eta aurrera egingo dut", dio Gazpiok. Izatez otsailaren 8rako zegoen finkatuta botoa emateko eta lehendakari berria aukeratzeko eguna, baina COVID-19a dela eta, kolokan dagoela azaldu du oriotarrak. Baliteke, beraz, bozketa atzeratzea.

Aurretik Gipuzkoako Arraun Federaziorako lehendakari izateko ere aurkeztu zen Gazpio. Euskadiko Federazioari dagokionez, aipatu du, haren iritziz, aulki mugikorren arloan egongo litzatekeela erronka nagusietako bat. Helburutzat jo ditu, besteak beste, aulki mugikorretako jarduna sustatzea eta hauspotzea, bai eta arlo hori "ondo antolatzea" ere: "Gipuzkoan aritzen dira aulki mugikorrean, Bizkaian ere bai, baina nolabait kohesioa falta dela uste dut".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!