Olatz Zugastik haurtzarora jauzi egin du kantu berriarekin

Iñigo Gaiton 2021ko ots. 2a, 08:46

Balkandar kutsu handia duen abestia kaleratu du musikariak: ‘Mairu baratzetan’. Ostiraletik, plataforma digitaletan entzun daiteke.

Olatz Zugastik kantu berria argitaratu zuen joan zen ostiralean: Mairu baratzetan. Abestiarekin, musikariak haurtzarora salto egin du, uda garaian Aranon (Nafarroa), aitonaren herrian, egiten zituen egonaldietara. «Ijito musikatik asko duen piezarekin, orduko giroa islatu nahi izan dut: hotsak, usainak, mairu baratzetara egindako bisitak, menditar eta hiritarren arteko harremana…», azaldu du.
Zugastik «aspalditik» izan du buruan gai horren gaineko abestiren bat egiteko ideia. Haren hitzetan, «kantuak forma asko izan ditu bidean» eta orain, nahi bezala gorpuztea lortu du. «Iraganera bidaia» izan da abestia konposatzea Orion bizi den sortzailearentzat, «bi saltorekin» haurtzarora eta ondoren historiaurrera jauzi egin duelako, cromlechak –edo euskaraz mairu baratzak– dauden gain batean bere burua irudikatuz.
Plazaratu berri duen piezak «ijito musikaren kutsu handia du» egilearen arabera, baita Europa ekialdekoa ere: «Zonalde horretako herri musika betidanik izan dut gustuko, eta kantuaren doinua ere ekialdeko haize horiek kutsatuta dator». 

Euskarri digitala
Kutsu akustiko handia du kantu berriak, eta Zugastik grabatu ditu entzuten diren instrumentu guztiak. «Grabaketak bakarrik egiteko lizentzia eman diot nire buruari, momentuan hala sentitu dudalako. Kantuari eman diot garrantzia, eta instrumentu aldetik ez dago birtuosismorik, euskarri lana baizik. Gitarra eta harpa zuzenean sartu nituen, eta gainontzeko musika tresnak midi teklatuaren bidez», argitu du.
Grabaketak Jon Vidaurrekin egin zituen Muir estudioan, eta nahasketa Doctor Musiceko Estanis Elortzaren lana izan da. 
Oraingoz, behintzat, euskarri digitaletan bakarrik entzun daiteke Mairu baratzetan, eta hori errealitate berrira egokitzeko modu bat dela uste du musikariak. «Ez dakit noiz argitaratuko dudan lan oso bat berriro. Beraz, kantu hau egina dagoenez, plazaratzea erabaki dut, eta gero gerokoak. Horrela, zuzenekoetara inoiz bueltatzen bagara –espero dugu hala izatea–, jendeak entzuna izango du abestia».  
Gaur-gaurkoz, izurriteak eragindako ziurgabetasuna bizi du Zugastik, musikari gehienen modura. Sorkuntza lanari dagokionez, azken hilabeteetan ondo moldatu dela aitortu du, urteak daramatzalako etxetik lan egiten. «Diziplinatua naiz, edo horretan saiatzen naiz behintzat, eta horrek salbatzen nau. Ohituta nago nire lana eta denbora antolatzera». Hori dela eta, udaberriko itxialdiak ez zion asko eragin sortzeko garaian, ez eta hurrengo hilabeteetan ezarritako osasun neurriek ere. «Osasun krisia hasi zenetik ez dut gehiago konposatu, baina gutxiago ere ez. Lanean martxa bera izaten jarraitzen dut». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!