Hiru positibo detektatu dituzte Orion, eta Aian bat ere ez

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 3a, 14:05

Atzotik oso gutxi jaitsi da intzidentzia tasa Orion, eta zifrak altua izaten jarraitzen du: 1.223,09, hain zuzen ere. Aiak ere itxita jarraitzen du, azken orduetan positiborik detektatu ez duten arren.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, izurriteak ez du etenik. Azken orduetan 3 positibo atzeman dituzte Orion, eta intzidentzia oso gutxi jaitsi da herrian: 1.239,40tik 1.223,09ra pasatu da, zehazki. Beraz, oraindik eremu gorrian jarraitzen du Oriok. Aiari dagokionez, azken orduetan ez da positiborik izan.

Eskualdeari dagokionez, 40 positibo izan ziren atzo Urola Kostan; bezperan baino 22 kasu gehiago dira. Zarautzen eta Azpeitian izan dituzte kasu gehien; hamabina, hain zuzen ere. Zumaiak 500 mugatik hurbil jarraitzen du atzo beste zazpi kasu detektatu ondoren.

Herenegun bost positibo izan zituzten Azpeitian; atzo, berriz, hamabi, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak oso goian jarraitzen du herrian. 1.268,07ko tasarekin eskualdeko handiena du Urola Erdiko herriak. 

Zarautzen ere gorantz doa positibo kopurua. Atzo beste hamabi kasu izan zituzten, eta sei herenegun. Eremu laranjan dago kostalde herri honek, eta tasa oraindik ere oso kezkagarria ez bada ere –359,79koa du–, positiboen hazkunde handia izaten ari dira herrian: 47 kasu izan dituzte Zarautzen astebeteko epean.

500eko mugatik ihes egin gabe jarraitzen dute Zumaian: mugaren alde laranjan dago, baina gorritik hurbil. Atzo beste zazpi positibo izan zituzten herrian, eta intzidentzia tasa 488,45era igo da. Bezperakoa baino 31 puntu handiagoa da. Kezkaz bizi dute egoera kostaldeko herrian.

Zestoak ere milako langatik gorako tasa du gaur egun. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta 1.052,90eko tasa dute. Azkoitian, berriz, bi kasu izan zituzten, eta eremu laranjan jarraitzen du 417,26ko tasarekin. Eskualdeko bost herritan ez dituzte positiborik izan: Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, hain zuzen ere.

Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian

Ohitzen hasiak gara, baina Hego Euskal Herrian egunero mila kasutik gora izatea kezkagarria da. Osakidetzaren datuen arabera, 1.057 positibo atzeman zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 16.592 probatan. Positibotasun tasa %6,4koa izan zen atzo. Lurraldeei dagokionez, Araban 163 kasu izan zituzten, Bizkaian 553 eta Gipuzkoan 333. Beste lurralde batzuetako zortzi lagunek ere eman zuten atzo positibo. 98 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan, eta ZIUn 155 lagunek jarraitzen dute ingresatuta. 

Astelehenean izandako gorakadaren ostean, astearte honetan behera egin dute kasuek Nafarroan, 160 zenbatzeraino, Foru Gobernuak emandako behin behineko datuen arabera. Positiboen tasa ere jaitsi egin da, %6,2tik %4,7ra. PCRak eta antigenoak batuta, guztira 3.394 proba egin zituzten atzo.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!