Txomin Orbañanos hil da

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko ots. 7a, 09:15
Txomin Orbañanos Hondarribiak irabazitako bandera astintzen. (Hondarribia Arraun Elkartea)

Txomin Orbañanos oriotarra Hondarribia Arraun Elkarteko gizonezkoen talde nagusiko bigarren entrenatzailea izan da. Komunikabideetan lehen lerroan agertu ez bada ere, urte hauetan guztietan isilpean egin duen lana aitortu dio arraun munduak.

Atzo hil zen Txomin Orbañanos oriotarra, Hondarribia Arraun Elkarteko gizonezkoen taldeko bigarren entrenatzailea. Hala, arraun munduak aitortza egin nahi izan dio Txomin Orbañanosi, komunikabideetan lehen lerroan agertu ez bada ere, Mikel Orbañanos anaiaren ondoan izan delako beti, behar-beharrezkoa den isilpeko lana egiten. "Zure izena ez da arrauneko liburuetan agertuko, ezta estropadetako palmaresean. Baina betiko grabatuta dago gure ontzi guztietan, gure tosta eta arraunetan, baita klubeko hormetan. Eta gure bihotz guztietan. Goian Bego", adierazi du Hondarribiako Arraun Elkarteak sare sozialetan. Orio Arraunketa Elkarteak ere  Orbañanosek arraun munduan egindako lana aitortu nahi izan du, eta doluminak eman dizkio familiari eta elkarteari. "Txominen galerak hutsune handi bat utziko du arraunaren mundu txiki honetan", adierazi du sare sozialen bidez.

Hondarribia Arraun Elkartean aritu baino lehen, Orio Arraunketa Elkartean ere arraunean egin zuen Orbañanosek, beterano mailan. 1989ko Espainiako Txapelketan, esaterako, skiffean zilarrezko domina lortu zuen, eta 1990an, trainerilletan beteranoen bandera irabazi zuen Santoñan.

Hileta elizkizuna astelehenean izango da Zarauzko Aita Frantziskotarren elizan, Orbañanos bizi zen herrian, 18:30ean. Horrez gain, datorren igandean, otsailaren 14an, Txomin Orbañanosen aldeko meza egingo dute Orioko parrokian, 12:00etan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!