Pozik, 3.000 metroko marka lortu eta gero

Iñigo Gaiton 2021ko ots. 11a, 09:53

Marka berria lortzeko gakoa "erritmoa ondo mantentzea" izan zela azpimarratu du Iriondok. Datozen asteetan, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan parte hartzeko helburua du korrikalariak, eta ez du baztertzen, aurrerago, 1.000 metroko proban ere errekor saiakera egitea.

Orioko Atletismo Taldeko kideak Donostian izan ziren larunbatean, Espainiako eta Euskadiko txapelketetan parte hartu ahal izateko gutxiengo denborak markatzeko lasterketan. Martin Iriondo gazteak ere parte hartu zuen hamasei urtetik beherakoen lasterketan, eta 3.000 metroko proban Euskadiko errekor berria ezarrita itzuli zen etxera, helmugan 09:05.75 denbora lortu eta gero. 

Pozik agertu da korrikalaria, jarritako helburua ondo bete baitzuen lasterketan. «09:12.00tik jaisteko helburuarekin ekin nion lehiari, eta ondo bilatu nuen nire burua. Kamel Zianik erbi lanak egin zizkidan, aurretik tiraka, eta egurra eman zidan, korrika ondo ari nintzela ikusi zuelako», azaldu du. Marka berria lortzeko gakoa «erritmoa ondo mantentzea» izan zen, Iriondoren arabera, gero azken 1.000 metroetan  «abiadura bizkortu eta dena emateko». 

Larunbatean egindako ahaleginaren ondorioz, hankak «oraindik ere nekatuta» dituela nabarmendu du korrikalariak, lasterketa pasa eta hiru egunera. Izan ere, halako korrika saioetan «gorputza beste maila batera eramaten da, muga-mugara».

Burua hotz
Halako errekor saiakera batean, burua kontrolatzen jakitea nahitaezkoa dela iritzi dio lasterkariak. «Zorionez, nahiko ondo moldatzen naiz horretan. Badakit indarrak neurtzen eta gorputza behar den erritmora egokitzen». 

Kamel Zianik emandako laguntzari ere egin dio erreferentzia. «Luxua da ondoan izatea. Entrenamenduetan oso ondo bilatzen ditu gure mugak, eta larunbatekoa bezalako lasterketa batean, konfiantza handia ematen du». Espero baino denbora hobea lortuta hautsi zuen Euskadiko marka, baina asko sufrituta. «Normalean baino gehiago. Azken buelta txikituta egin nuen, leher eginda. Kamelek besoak gehiago mugitzeko esaten zidan bukaeran, eta horrek esan nahi du azken metroetan teknika ere galdu nuela, ezinaren ondorioz». 

Iriondok duela hilabete hasi zuen errekor saiakerarako prestaketa espezifikoagoa. «Duela aste batzuk egindako lasterketa batean, 3.000 metroak 09:14.00tik jaistea lortu nuen. Orduan ohartu nintzen entrenatuz gero Euskadiko marka hobetzeko gai izan nintekeela». 

Aurrera begira
Lortu berri duen errekorra «beste urrats bat» da Iriondorentzat bere ibilbidean, eta indarra eman dio helburu eta marka berrien bila joateko. Epe labur-ertainera begira, martxoan jokatuko den Espainiako txapelketa prestatzen hasiko da, aurretik Euskadikoan ere parte hartuz. 
Korrikalariaren esanetan, desberdina da errekor saiakera bat egitea edo txapelketa irabaztera ateratzea lasterketari aurre egiterako garaian, eta horretarako prestatuko da orain.

Aurrera begira,  ez du baztertzen 1.000 metroko proban ere Euskadiko marka hobetzen saiatzea. «02:43:00 dut orain arteko denborarik onena, eta bakarrik korrika eginda lortu nuen. Horretara begira entrenatuz gero eta erbiarekin joanda, agian aukera izango dut denbora sei segundoan hobetzeko eta marka berria ezartzeko».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!