Orialki enpresa izango da Orio Arraunketa Elkarteko babesle nagusia

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko ots. 19a, 13:38

Gaur eguerdian bost urterako hitzarmena sinatu dute Orioko arraun elkarteak eta Orialkik.

Gaur eguerdian prentsa agerraldia egin dute Arraunetxen Orio Arraunketa Elkartearen eta Orialki enpresaren arteko hitzarmena sinatzeko. Hala, Orialki izango da arraun elkartearen babesle nagusia datozen bost urteetan. Arraun elkarteko kideak oso gustura agertu dira hitzarmenarekin, eta harreman  "eder eta luze" baten hasiera izatea espero duela azaldu dute. Aurkezpenean parte hartu dute Orio Arraunketa Elkarteko presidente Josu Esnaolak, Orialki enpresako kudeatzaile Jabier Etxarrik, senior mailako mutilen entrenatzaile Jon Salsamendi eta Anjel Larrañagak, emakumezkoen talde nagusiko entrenatzaile Xanti Zabaletak eta elkarteko zuzendaritza taldeko kide Maider Arrillagak.

Esnaolak eskerrak emanez hasi du bere hitzartzea, eta azpimarratu du "izena eta izana partekatuko" dituztela aurrerantzean. "Abizen berri bat izango du arraun munduak, Orio Orialki. Izenak ezin zuen egokiagoa izan, Orio eta Orialki, Orio eta Oria beti joango direlako elkarren ondoan. Hala, Orialki enpresari eskerrak eman nahi dizkiogu une zail hauetan gure aldeko apustua egiteagatik". Elkarteko presidentearen iritziz, elkarlan horren punturik "garrantzitsuena" hitzarmenaren iraupena da. "Bost urterako akordioa lortzea oso garrantzitsua da, proiektua sendotzeko aukera emango digulako", adierazi du

Orialkiko kudeatzaile Jabi Etxarrik, bestalde, nabarmendu du beraientzat ohorez dela Kantauri itsasoko arraun elkarte "ospetsuenarekin" hitzarmena sinatzea. "Guk formakuntzan sinesten dugu, eta Orio Arraunketa Elkarteak herri honetan egiten duena ez dago beste ezerekin konparatzerik". Gainera, azpimarratu dute hainbat balio partekatuko dituztela elkarrekin "euskara, talde lana, ahalegina, etengabeko ubera, ingurumena, eskola, formazioa eta olatu berriak hartzeko gaitasuna", besteak beste.

Taldeak gustura
Senior mailako taldeen entrenatzaileak ere "oso gustura" agertu dira lortutako akordioarekin. Salsamendik azaldu duenez, gizonezkoen taldeak atzo izan zuen hitzarmenaren berri, eta txalo zaparradarekin ospatu zutela nabarmendu du. "Asko sufritu dugu azken urtean, eta akordio hau oso garrantzitsua izango da denontzat. Bidelagun izango gara aurrerantzean, eta espero dugu zuek eskaintzen diguzuena bezain beste ematea guk ere bueltan". Zabaletak, adierazi du "itxaropentsu eta indarrez beteta" hasi dutela neskek denboraldia, eta orain "motibazioa handiagoa" izango dutela jakinda bidelagun berri bat dutela taldean. Bestalde, Anjel Larrañagak "eskerrak" eman dizkio Orialkiri egin duen apustuagatik, eta adierazi du egindako ahalegin emaitzekin bueltatzen saiatuko direla.

Bukatzeko, Maider Arrillagak Orio Arraunketa Elkartearen babesle guztiek egiten duten ekarpena eskertu nahi izan du, "Orialki babesle nagusia izango bada ere, neurri guztietakoak direla beharrezkoak".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!